EAJ-PNV udal taldeak azken osoko bilkuran prentsarik ez egotea kritikatu du

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2022ko ira. 15a, 11:04

Oposizio jeltzalearen ustez, onartezina da Udaleko Komunikazio arduraduna bertan ez egotea, eta osoko bilkurak telebistan ematea proposatuko du.

Zumaiako Udalak uztailaren 28an egin zuen azken ohiko osoko bilkura aipatzeko moduko gorabeherarik gabe amaitu zen. Baina zerbait nabarmendu zen: komunikabideetako ordezkaririk ez zegoela han hitz egiten zena herritarrei zabaltzeko.

EAJ udal taldeak gertatutakoa deitoratu du, herritarrek informazioa jasotzeko eskubidea dutela gogoraraziz. Bereziki, oposizio jeltzalearen ustez, onartezina da Udalak 46.974,60 euroko urteko kostuarekin kontratatutako Komunikazio arduraduna ez egotea. Gainera, gogorarazi du Udalak komunikaziorako 15.000 euroko partida duela, eta horri 10.000 euro gehitu beharko litzaizkiokela publizitatea eta propagandagatik, baita Urolako Komunikazio Taldeak (Baleike, Hitza, …) diru-laguntza gisa jasotako ia 60 mila euroak ere.

Guztira, EAJ udal taldeak adierazi duenez, ia 130 mila euro bideratzen dira komunikaziorako eta tokiko komunikabideetarako, eta antza, ez dira nahikoa Zumaiako udal-politikaren ekintza nagusi baten gutxieneko estaldura bermatzeko.

EAJren udal taldeak salatu duenez, Udalaren arazo honek agerian uzten du "politikan beharrezkoa den gutxieneko gardentasun falta, herritarrak harengandik urruntzea bultzatzen duena". Egoera hori zuzentzeko, EAJ udal taldeak osoko bilkurak datorren agintaldian telebistan ematen hastea proposatuko du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide