Zumaiako EAJ 2023rako zerga eta tasa igoerarekin desadostasunean

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2022ko ira. 29a, 19:03

Gaur ospatutako ohiko osoko bilkuran EH Bilduren Gobernuak proposatutako zerga eta tasen igoera onartu da. EAJ aurka azaldu da eta zerga eta tasen izozketa proposatu du, herritarrek jasandako krisi egoera kontutan izanda.

Egungo ziurgabetasun ekonomikoa eta prezio igoera handiaren aurrean, EAJ-ren ustez beharrezkoa da udaletik herritarrei keinu bat egitea zama honen zati bat behintzat arintzeko. Inflazioak %10a gainditu duenean eta zerga eta tasak neurri berean eguneratzea baztertu denean, EAJ-k ez du ulertzen izozketaren aurrean igoera lehenestea.

“Diru sarrera propioen egoera sendoari eta herritarrari eragiten zaion presio fiskal egonkorrari esker”, Udalaren egoera ekonomikoak, zerbitzu publikoak eta berauen kalitatea kaltetu gabe mantentzea ahalbidetzen du. Aldi berean, horiek bermatzeko, datorren urterako benetako erronka eta ahalegina gastua kudeatzea eta lehenestea dela nabarmentzen dute EAJtik.

Beraz, datorren ekitaldirako lehentasuna argi izanda, EAJ ez dator bat planteatutako igoerarekin. Horretaz gain kontuan hartu behar da onartutako igoerak ez direla udal-gobernuak komunikabideetatik jakinarazitako %1,5era soilik mugatzen. Igoera guztien artean honako hauek ere aurkitzen dira: ur-zerbitzua %3tik %4,5era bitartekoa; jarduera ekonomikoen gaineko zerga %2,3koa; eta terrazen okupazio-tasa bereziaren hirukoiztea.

Hobariei dagokienez, EAJ-PNV udal taldeak begi onez ikusten ditu proposatutako aldaketa batzuk; ala nola eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzen duten obrekin eta familia ugariagatiko hobariak hainbat zerbitzutara zabaltzearekin zerikusia dutenak. Baina murrizketak ere izango dira. OHZan (IBI) energia eraginkortasuna hobetzeagatik jasotzen den hobaria %40tik %30era jaistea ez du komenigarri ikusten. Mantentzea egokitzat jotzen du hain beharrezkoak diren hobekuntza horiek sustatzeko. Eta ez du udal-Gobernuak argudiatutako eragin negatiborik ikusten zerga horren bilketan. Familia ugariei dagokienez, ez dator bat hobarietan aplikatu nahi duten progresibotasun-irizpidearekin, “Zumaian gehiengoa diren errenta ertainak kaltetuko bait ditu”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide