Oposizioko taldeak arrazoi hauek eman ditu aurrekontu horiek oro har errefusatzeko:
1. “2022rako aurreikusitako proiektuen gauzatze urria.”
EAJk, aurrekontu hauetan aurreikusitako inbertsioen erdia, gutxi gorabehera, 2022. urtean gauzatu behar ziren proiektuei dagokiela adierazi du. Besteak beste, geltokiaren auzoa berrurbanizatzea, Juan Belmonteko ur-hornidura, San Jose auzoko etxeetan igogailuak jartzeko obrak edo bide-argiteria berritzea. 2022an EH Bildurekin adostutako beste proiektu batzuk ere bertan behera geratu ziren. EAJ PNVk, gainera, zenbait proiekturen alde bakarreko garapena salatu du, hala nola Marianton parkearen estalkiarena, eta 2022ko aurrekontuan sartutako proiektuen gauzatze-maila % 25era nekez iritsiko dela aurreikusi du.
Beraz, aurrekarien berri izanda, 2023rako aurrekontuak ez zaizkio oso “egingarriak eta errealistak” iruditzen EAJ-PNVri, baizik eta, hauteskunde-giroari dagozkionak eta EH Bilduk erakutsitako kudeaketa-gaitasunetik haratago doazenak.
2. “Herritarren beharretatik urrun daude”.
EAJ-PNVk kritikatu du, Zumaiako historiako aurrekontu handienak izan arren, 2023rako aurkeztutako aurrekontuek ez dutela herritarrentzako premia larririk asetzen, hala nola etxebizitza. “Adierazgarria da aurrekontuko 23,5 milioi euroetatik % 0,35 baino ez dela bideratzen etxebizitzara, alokairua sustatzeko programa batera, hain zuzen ere. Ez dago besterik”.
3. “Zenbait proiekturen kudeaketan desadostasun sakonak”.
Esate baterako, kirol-instalazioak berritzea. EAJko, Ogasun zinegotzia den, Iker Mardarasezntzat “ulergaitza” da aurten kiroldegiko pista berritzea komeni dela pentsatzea eta iaz EAJren proposamena alde batera uztea. “Agintaldi hasieran adierazitako lankidetzari eskua non geratzen zaion jakin nahi genuke. Kiroldegia eraberritzeko aurreproiektuak jasotzen dituen aldaketak beste udal talde batzuk kontuan hartu gabe planteatu dira, eta Eskura udal aldizkaritik soilik jaso ahal izan dugu informazioa, eta ez Udal Gobernutik.
Zumaiako EAJ-PNV pozik agertu da Erkibe eraikina eta ingurua garatzeko inbertsioa handitzeko proposamena aurrekontuetan sartu delako. Aitzitik, Azpeitiko “Elikagunea”ren antzeko proiektu bat abian jartzeko Udal Gobernuaren asmoa neurrigabea iruditzen zaio, eta deitoratu egiten du beste behin ere planak komunikabideetan ezagutzera eman izana, aldez aurretik dagozkien batzordeetan eztabaidatu eta partekatu gabe.
4. Gastu kezkagarriaren kudeaketa
Jeltzaleek osoko bilkuran egindako kritikak EH Bilduren gobernuaren gastu publikoaren politika salatu zuen. Zehazki, EAJ-PNVk kritikatu egin du gastuak azken urteetan izan duen bilakaera (langilerian soilik ia 2 milioi euroko igoera izan da 2019tik hona), eta ez da islatu azpikontratazioan edo tokiko gremioen bultzadan. Gainera, EAJk zerbitzuen bikoiztasunak aipatu ditu, hala nola Berdintasun teknikariarena eta Emakumeon Etxeko dinamizatzailearena, edo Zkoop proiektuarena, EAJk adierazi duenez, eskualde-mailan garatu beharko litzatekeena UKUEren bidez, eta ez tokian tokikoaren bidez, jakinik urtero “180.000 € bideratzen ditugula enpresa-garapenera”.
EAJ-PNVek, gainera, programa askoren zenbatekoak exekuzio-gastu errealaren mailatik urrun daudela ikusi du, 600.000 euro inguru (herritarren benetako beharretan erabiltzen ez den alferrik gelditutako dirua). Horrek esan nahiko luke 700.000 euroko aurrezki garbia ez dela nahikoa (kontuan hartuta horietatik 600.000 euro Foru Funtsaren aurtengo aparteko igoeratik datozela), eta, ondorioz, udalaren autofinantzaketa erabat mugatuta dagoela.
"Ateratzen dugun ondorioa, itxurakeriazko aurrekontu baten aurrean gaudela da; sartu garen hauteskunde giroari dagokiona eta EH Bilduren kudeaketa gaitasuna gainditzen duena", adierazi du Mardarasek. Era berean, udal talde jeltzaleak behin eta berriz salatu du proiektuen garapena eta inbertsioak alde bakarkeriaz egiten direla, herritarrak eta oposizioko ordezkariak kontuan hartu gabe.