EAJ-PNVn pozten gara Zumaiako kirol bizitzarako aurrerapen garrantzitsua ekarriko duen proposamen hau azkenean aurrera aterako delako. Berrikuntza hau gure taldearen etengabeko eskaria izan da 2021az geroztik eta orain arte Udal Gobernuak atzera bota du eskari hori. Beraien esatera, ez zen egokia eraberritzeari ekitea, etorkizunean kiroldegia handitzeko asmo handiko obra bat aurreikusita baitzegoen.
Denborak arrazoia eman digula dirudi eta errealitatea nagusitu egin da azkenean, Zumaiak alferrikako atzerapena ordaindu badu ere. Agerian geratzen da, beste behin ere, Udal Gobernuak oposizioarekin duen jokabide gutxiesleak eragin negatiboa duela zumaiar guztien interes orokorrean; proposamenak mespretxatuz eta aurrekontu-negoziazioetako akordioak bete gabe adibidez.
Gure udal taldetik, guztion onerako eta herritarrekiko lankidetza eta konpromiso arduratsuan oinarritzen den politika egiteko moduaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Zentzu honetan, guztion bizitza hobetu dezaketen proposamen guztiak nabarmentzen jarraituko dugu, nahiz eta Udal Gobernuak beti ez entzun.