Gaur egungo Aita Mari futbol zelaian etxebizitzak eraikitzeko EH Bilduren asmoaz

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2023ko api. 4a, 16:50

Pasa berri den astean eta hurrengo hauteskundeak deitu baino bost egun lehenago eta beraz, komunikazio instituzionalak egiteko aukera amaitzear zegoela, EH Bilduk 315 etxebizitza eraikitzeko “asmoaren” berri eman du orrialde osoko publikazio baten bidez: Puntanuetan 150 etxebizitza eta egungo Aita Mari futbol-zelaiaren lursailean 165 etxebizitza; oposizioko alderdiak informatuak izan garela adieraziz.

Etxebizitza bezalako gai sentikor eta garrantzitsuaren inguruan egiten ari diren “ke salmenta”-ren aurrean (EH Bilduk saihestua udal gobernuaren ibilbide osoan), Zumaiako EAJk honako gogoeta hauek partekatu nahi ditu zumaiarrekin:

▶︎ EH Bilduk, hauteskunde kanpainarako ariketa argi batean, inolako oinarririk ez duen asmo adierazpena, lorpen gisa saldu nahi du.

Eusko Jaurlaritzarekin oraindik existitzen ez den hitzarmen bati buruz hitz egin du. Hitzarmen hori sinatu arren, ezin da gauzatu. Ezta epe ertainean ere. Izan ere, Zumaiak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) ez du onartua oraindik eta izapide hori behar-beharrezkoa da halako proposamen bati ekiteko. Gainera, proposamenarekin jarraituz gero, beste izapide asko egin behar dira, hala nola birpartzelazioa, eraikigarritasuna eta abar.

► EH Bilduk, propaganda elektoralistaren ariketa argi batean, ez du egia osoa esaten oposizioko alderdiok gaia ezagutzen genuela adieraztean.

Oposizioari martxoaren 27ko Hirigintza Batzordean (erreportaje handia argitaratu baino bi egun lehenago) jakinarazi zitzaigun, gai zerrendako puntuetatik kanpo zegoela. Zehazki, alkateak aipamen bat egin zuen galde-eskaeren atalean. Horrela tratatu zuten oposizioko alderdiekin halako gai garrantzitsu bat. EH Bilduk Zumaian agintaldi osoan zehar izan duen harrotasun eta nagusikeriaren beste adibide garbi bat da.

► EH Bilduren asmoaren adierazpena herritarren parte-hartzeari eta demokraziari burla egitea da.

Aurkeztu duten aldebakarreko proposamenak ez du herritarrekin ezta oposizioarekin entzute prozesurik izan, eta Osoko Bilkurak erabakitakoaren aurka doa.

Agintaldi guztia Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) lanketan daramagu. 2020an martxan jarri zen zumaiarren ekarpenak jasotzeko herritarren parte-hartze prozesua eta 2022ko urtarrilaren 27ko Osoko Bilkuran plan horren Irizpide eta helburuen dokumentua onartu zen.

Dokumentu horren arabera, Aita Mari futbol zelaiaren egungo kokapenean (udalerriko eraikuntza maila handieneko ingurunean), intentsitate txikiko eraikuntza ikuspegia duten 60 etxebizitza eraikitzea jasotzen da eta ez EH Bilduk aipatzen dizkigun 165 etxebizitzak. Beraien proposamena beraz, herritarrekin batera landutako udalerriaren ikuspegiaren aurka doa.

Zertarako balio dute herritarrek parte hartzeko prozesuek? Zertarako balio du ia 4 urtetan egindako lanak? Zertarako balio dute Osoko Bilkuraren akordioek?

▶︎ EAJrentzat planteatutako proposamena astakeria da. Hektarea bat baino gutxiagoan 165 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, HAPOaren aurrerapen-dokumentuak hektareako 75 etxebizitza baino gutxiago aipatzen dituenean.

Zer hirigintza mota planteatzen da? Proposatzen dena iraganeko (60-70 hamarka) hirigintza planteamenduei erantzuten dien hirigintza basatia da eta ez gaude ados horrekin.

Gure ustez, gaur egungo Aita Mari futbol zelaiaren eremuak, oso dentsitate altuko gune baten birika berdea izaten jarraitu behar du. Hirigintzaren aldetik kondentsatuta dagoen auzo baterako arnas gune garrantzitsua izan behar du.

Futbol zelaiak, kiroldegiak, osasun zentroak, eskolek eta frontoiak herritarren beharrei erantzuteko espazio publikoaren epizentro garrantzitsu bat osatzen dute. Ikuspegi, funtzionaltasun eta logika integratzaile eta jasangarri bat duen ardatz garrantzitsua da; hirigintza planteamendu egokia eta zaindu behar dena.

Eta EH Bilduk hor zazpi altuerako U formako bi “baldarkeri” eraiki nahi dituztela dio…

EH Bildu, aurkeztu digun proposamen birtual eta irrealean, zenbakiekin bakarrik itsutu da aukera jasangarriak aztertu gabe.

EH Bilduk Aita Marirentzat egiten duen proposamenak Zumaiako gunerik dentsifikatuenetako bat kolapsatzen du, Zumaiak aisialdirako gune eta kirol zerbitzu moderno eta dimentsionatuak izateko etorkizuneko aukera eragotziz. eta hala, beharrezko gutxieneko ongizate-indizea mantentzea arriskuan jarriz. Izan ere, biztanleria hazteak, herritarrei eskaini beharreko zerbitzuak dimentsionatzea dakar eta horretarako aukerak eduki behar dira.

Baina zertarako konplikatu! Hauteskundeen atarian gaudela, EH Bilduk aberrazio hau saldu nahi digu. Etxebizitzak modu jasangarrian eraikitzeko beste modu eta kokapen batzuk badaudela uste dugu eta guk alternatibak ditugu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide