EAJ-PNV-REN USTEZ ONARTU DEN “TERRAZEI BURUZKO ORDENANTZA”K GABEZIA NABARMENAK DITU

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2023ko mai. 12a, 23:14

Ostegun goizean egindako ezohiko udalbatzan “Terrazei buruzko ordenantza” onartu zen eta bozketan, EAJ-PNV udal taldea abstenitu egin zen, “onartu den ordenantzak behar den bezala aplikatu ahal izateko eta auzokideen eskubideak babesteko gabezia nabarmenak dituelako”

Osteguneko plenoan onartu den Ordenantzaren zioen azalpenak, besteak beste honela dio:

“…

Araudi honen xedea da ostalaritza eta merkataritza arloan erabilera publikoko espazioez egin litezkeen erabilerak arautzea, aprobetxamendu berezikoak edo erabilera pribatibokoak diren heinean; eta espazio horien erabilera komunaren babesari eustea, herritar guztiei baitagokie, denei berdin eta bereizketarik gabe. Horrez gain, auzokoen atsedenerako eskubidea zaintzea eta ostalaritzaren eta merkataritza sektorea garatzea, bereziki kontuan hartuta herritarren artean zein erro sakonak dituen eta herriko ekonomian zer-nolako eragina duen.

...”

Ados gaude ostalaritza eta merkataritza sektorea garatzearekin eta ahalegin guztia egingo dugu sektore hori laguntzeko. Aldi berean auzokoen atsedenerako eskubidea bermatzea ere ezin besteko egin beharra dela uste dugu Zumaian herritar guztion arteko elkarbizitza egoki bat emateko.

Terrazak arautzen dituen ordenantza egoki batek bi helburu hauek batera eta modu egokian bermatu behar dituela uste dugu eta eraman den proposamenak ez du horretarako neurri nahikorik aurre ikusten.

Hala nola, onartu den ordenantzak terrazen itxiera ordutegia eta ordenantza betetzearen berme-kontrola Udaltzaingoarengan uzten du. Denok dakigun bezala, Zumaian udaltzaingo zerbitzua nahiko mugatua da ordutegi aldetik. Horrela,  jaiegun jakin batzuetan izan ezik, Zumaian ez dago gaueko Udaltzain zerbitzurik. Beraz, ordenantza behar bezala bete ahalko dela bermatzeko, ordenantza onartzearekin batera eta modu sinkronizatuan udaltzaingoaren zerbitzuaren berrantolaketan, edota  dena delako beste kontrol-tresna eraginkor bat osatzen lan egin behar zen; eta ez da holakorik egin.

Era berean, ordenantzan jasotzen diren Udalaren eginbeharretan baimen titularrarekiko ikuskapena egitea dator. Ikuskapen Plana egitea eta Mantentze Plan bat egin eta betearaztea (beste zenbaiten artean), Udalaren ardura direla diolarik.

Dakigunez, oraindik ez dago inspekzio-planik, ez eta mantentze-planik ere. Beraz, ikuskatu eta betearazi ezin den ordenantza bat onartu da.

Onartutako ordenantzak dituen gabezien beste adibide bat herritarrekiko betebeharrei buruzko atalean dago; non besteak beste, honako hau esaten da: “Udalak eskatuko du baimenek kutsadura akustikoaren arloko ingurumen babeserako xedapenak betetzeko eta errespetatzeko”.

Leku saturatuak izendatu ahal izateko, Udala “soinu mapa” deritzon azterketa egiten ari da oraindik. eta ondoren honen inguruko ordenantza bat egin beharko da. Beraz, ez dago betetzeko eta errespetatzeko inolako kutsadura akustikoaren arloko ingurumen babeserako xedapenik. Gure ustez, logikoena lanketa hori eta araudi hori aldez aurretik edukitzea zen; horrela, terrazei baimena eman aurretik zer xedapen betetzeko eta errespetatzeko eskatuko zaien jakiteko.

EAJren iritziz, beraz, ordenantza onartu aurretik gauza asko landu eta zehaztu behar ziren ordenantza onartu eta indarrean sartu ondoren hau behar bezala beteko dela bermatzeko eta hori ez da egin.

Era berean, ez zaigu iruditzen ordenantza honek lokalen jabeen eta etxebizitza jabeen eskubideak modu ekitatiboan bermatzen dituenik.

Gazteleraz hemen

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide