Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean, mozio bateratua aurkeztuko dute udalbatzako bi alderdi nagusiek

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2023ko uzt. 17a, 16:04

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien epaia salatu zuteneko irudia. (Uema)

Hizkuntza eskubideen aurkako epaia dela eta, EAJren ekimenez, udalbatza osatzen duten bi alderdi nagusiek bat egin dute Larraina elkarteak ostegunerako deitu duen elkarretaratzearekin.

Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean, EAJren ekimenez, mozio bateratua aurkeztuko dute udalbatzako bi alderdi nagusiek, hau da, EAJk eta EH Bilduk. Horrenbestez, ostegunean, 19:00etan, udaletxe aurrean Larraina elkarteak deitutako elkarretaratzera agertzeko deia egiten diogu alderdikideei eta herritar orori.

Honako hau da bi alderdiek adostutako mozioaren testua:

"Euskalgintzako eragileekin batera udal honetako EAJko eta EH Bilduko hautetsiok, zera adierazi nahi dugu:

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezeztatu die. Emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu idatzi hau aurkeztera.

Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan oztopo delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez esan, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, bertan behera utzi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori.

Azken finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.

Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan.

Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Epai honen ondoren, salaketa are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.

Era berean, uztailaren 20an, 19:00etan Larraina Euskara Elkarteak deitutako elkarretaratzearekin bat egiten dugu".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide