EAJk aurkeztutako mozioari EH Bilduk kontrako bozka ematea euskararekiko lotsagarria eta iraingarria iruditzen zaigu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2023ko urr. 30a, 08:28

Udal talde batek Osoko Bilkuran eztabaidatzeko mozioa aurkezten duenean ohikoa den bezala, hilaren 19-an Zumaiako EAJ-PNVko udal taldeak Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen auzian emandako epaiari buruz desadostasuna azaltzeko mozio bat aurkeztu zuen idatziaren goiburuan taldearen logotipoa zuelako.

Erregistratutako mozioa EUDELen egun batzuk lehenago EH-Bildu eta EAJ-PNV-ren aldeko bozkekin onartutako adierazpen bera zen, Zumaiako udalari egokituta. Hala jakinarazi genuen mozioa erregistratu eta hurrengo egunean egin zen Bozeramaileen batzordean. Alkateak ez zutela ezer jaso oraindik esan zuen; eta hurrengo astelehenenean (hilak 23) telefono dei baten bitartez, EH Bilduko zinegotzi batek beraiek UEMAren (Udal Euskaldunen Mankomunitatea) adierazpena aurkezteko asmoa zutela esan zigun eta ez ziotela zentzurik ikusten bi adierazpen egiteari, eta guk aurkeztutakoa erretiratzeko gonbitea egin ziguten.

Gure azalpena argia izan zen (bai telefonoz eta bai Plenoan): “EUDEL, Autonomia Erkidegoko Udal guztiak ordezkatzen gaituen erakunde ofiziala da. Bertan, UEMAn partaide garenok (udalerri euskaldunak) eta ez  garenok ordezkatuta baigaude; eta Udal gehienok onartu genuen bere adierazpena. Beraz, guretzat zentzu gehiago du EUDELena aurkezteak”.

Mozioa gure logoarekin aurkeztu izanaren “forma akatsa” argudio jarrita, EH-Bilduk, guk aurkeztutako adierazpenaren KONTRA bozkatu zuen.

Esan bezala, talde guztiek bere idatziak beti sartzen dituzte nork bere logoarekin (horrela egin zen, baita ere, uztailean Auzitegi Konstituzionalak euskararen aurka eman zuen aurreko epaia salatzeko erregistratu genuen adierazpenarekin ere), eta beste talde batek batera aurkezteko edo tarteko testu batera iristeko nahia adierazten duenean, idazkia guztien borondateak batzen dituen eta guztien logoa daraman idatzi batez ordezkatzen da, eta hura bozkatu. Halaxe egin genuen aipatu dugun uztaileko plenoan; non EH-Bilduren logoa gurearekin batera jarri eta mozio bateratu bat aurkeztu genuen.

Oraingo honetan, ordea, EH-Bilduren jarrera harrigarria izan da eta are gehiago euskararen aldeko mozioa izanik. Benetan tamalgarria eta lotsagarria iruditzen zaigu aitzakia hori jarri eta euskarari babesa emateko mozio bati kontrako bozka ematea. Sigla batzuk euskararen gainetik al daude?.

Guk ez dugu arazorik, aurkezten duenak aurkezten duelarik, euskara babesten duen adierazpen baten alde bozkatzeko eta hala egin ohi izan dugu eta egingo dugu beti. Eta halaxe egin genuen beraiek aurkeztu zuten UEMA-ren adierazpenean oinarritutako mozioarekin. Baino kontra bota?

Jarrera hori Zumaiako EH-Bilduren burugogorkeria eta kudeaketa ideologizatuaren erakusle bat dela uste dugu eta jarrera horren inguruan hausnartu beharko luketela. Beste zenbait herritan beraien alderdikideek inongo arazorik gabe babestu baitute adierazpen berbera.

Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitu duen manifestazioko leloak dion bezala EUSKARAREKIN BAT, EUSKARAZ BAT izan behar dugu, bestela jai daukagu.

Bide batez azaroaren 4-an denok Bilbora joateko deia egiten dizuegu.

Gora EUSKARA!!!!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide