Martxoak 8aren harira, Zumaiako Udalean adostasun zabala lortu dugu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2024ko mar. 2a, 15:35

EAJ-PNV Udal Taldean, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna da gure lehentasuna. Uste dugu gai honek, emakumeen aurkako indarkeriak bezala, denon indarrak metatzea eta denon adostasuna eskatzen dutela.

Horregatik bai azaroaren 25ean bai oraingoan ere Alderdi ezberdinak batzen gaituen aldarrikapen bat erdiesten saiatu gara. 

Zumaiako EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonok genero diskriminaziorik gabeko gizarte baten alde lanean jarraitzeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu.

Martxoak 8aren harira, Zumaiako Udalean adostasun zabaleko mozio batera heltzea lortu eta ondorengo puntuetan Udalbatza guztiaren adostasuna lortu dugu:

  • Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
  • Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez.
  • Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
  • Emakumeen tokiko memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta talde feministetaraino.
  • Emakumeen gizarte-ikusgarritasuna sustatzea, batez ere adineko emakumeena, aniztasun osoan, eta edadismoari aurre egitea, gizartean emakumeen zahartzaroari buruz nagusi den irudia, adinean eta estereotipo intersekzionalizetan oinarritutakoa, gaindituz.
  • Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista non eta nola erabiltzen den ikertzea eta horren inguruan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.

Baina aipatu berri ditugun mozioko puntu hauez gain, beste puntu bat bozkatu behar zen eta ezinezkoa izan zaigu babestea, bertan “Herri Akordioa”rekin bat egitea eskatzen delako.

Izan ere, “Herri Akordioa”rekin ez dugu bat egiten, Euskal Zaintza Sistemaren aurkako eraso zuzena eta baieztapen faltsuak egiten baitira bertan eta ezinezkoa zaigu gezurrak babestea. Gainera, dokumentu bertan EAJ-PNVren aurkako irain larriak jasotzen dira.

EAJ-PNVk EUDELen adierazpenarekin bat egiten du eta hala azaldu genuen osteguneko udalbatzan; eta bertan jasotzen diren hiru puntu Udaleko mozioan sartzea adostu genuen.

Zumaiar guztiak animatzen ditugu Martxoak 8aren inguruan antolatutako ekintza guztietan parte hartzera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide