Jolas parkeei dagokionez, Udal Gobernuak Marianton parkea eraberritzeko 780.000 €euroko diru partida aurreikusi du 2024 eta 2025erako, eta herriko gainerako parkeak konpontzeko, aldiz, 15.000 eurokoa 2024an.
Hau ikusita, gure proposamena Marianton parkean 2022an adostuta zegoen bezala, gune estali bat ezarri eta parkea arrazoizko aurrekontu bat erabiliz hobetzea izango litzateke. Horrela, 780.000 euroko partida zentzuzko kopuru batera murriztuko litzateke, eta diferentzia hori herriko beste parke guztiak modu inklusibo eta irisgarrian modernizatzera bideratzea proposatzen dugu.
Hala nola, ondorengo jolas parkeak modernizatzen inbertitu dezakegu: Oikiakoa, Artadikoa, Jadarrekoa, Bonbilobekoa, Amaia plazakoa, Anbulategi ondokoa, Basustakoa, Zumaiena albokoa, Beheko plazakoa, Arrangoletakoa, Kantauri plazakoa, Mariantonekoa, Patxita Etxezarretakoa, Puntanuetakoa…
Izan ere, parke hauek eragin nabarmena izan dezakete Zumaiako gune ezberdinetan, familiak elkartzeko, bizilagunak sozializatzeko eta lotura komunitarioak indartzeko lekuak baitira. Horregatik da garrantzitsua herriko txoko guztiak kontuan hartzea eta hobetzea, eta diru partida hau dibertsifikatuz helburu hau lor dezakegula uste dugu.