Zumaiako anbulatorioan arazoari irtenbidea bilatzeko "konpromiso irmoa" azpimarratzen dugu EAJtik

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2024ko mai. 30a, 18:38

Ustekabearen berri izan genuen une beretik, EAJ-PNV udal taldeak gure esku egon den guztia egin dugu egoera ahalik eta lasterren zuzentzeko, eta horrela jarraituko dugu

Euzko Alderdi Jeltzaleko zinegotziok, gai honen inguruan esan beharra dugu mozioan azaltzen denarekin, orokorrean, ados gaudela eta ezustekoan gertatu den egoerarekiko gure kezka agertu nahi diegu zumaiarrei.

Joan zen astelehenean Rosa Azkuerekin bildu ginenetik, kezka horrek eraginda, berehala hasi ginen gaia mugitzen eta, asteartean bertan, Zumaiako Osasun Zentroko egoeraren berri lehen eskutik jaso ahal izateko bilera bat izan genuen.

Egoera aztertuta, Donostialdeako ESIko zuzendaria den Agustin Agirrerekin hitz egin genuen eta gure kezka larria agertu eta azalpenak eskatu genizkion.

Arazoaren jakitun zela eta zeharo bapatekoa izan zela esan zigun.

Azaldu zigunez gertatutakoa hau izan da: Osakidetzak, gaur egun lehen arretan dagoen arazo orokorrari aurre egite aldera, plaza berri batzuk atera ditu; horien artean Zarauzko osasun zentroko plaza batzuk.  Ez zuten inondik inora pentsatu Zarauzko Osasun Zentroko 2 plazak Zumaiako Osasun Zentroko 2 medikuk eskatuko zituztela eta hala gertatu da. Horrek Zumaiako Zentruan eragin zuzena izan du eta egun batetik bestera Zumaia egoera txar batetan geratu zen, plaza berrien eskaera ostiralean egin bai zen eta astelehenean bertan plaza aldaketa eman zen.

Garbi utzi zigunez Osakidetzako langileek eskubidea dute plaza berriak ateratzen direnean edo plazaren bat hutsik gelditzen denean, leku aldatzea eskatzeko eta plaza hori berehalakoan betetzeko. Beraz, zuzendaritzatik ezer gutxi egin zezaketen momentu hartan gertatu zen egoera ekiditeko.

Hala eta guztik, atzo, asteazkena, Zumaiako Osasun Zentrora etorriko zirela esan zigun, bertan bilera bat egin eta konponbide onena bilatzeko asmoarekin.

Era berean arazoak asko kezkatzen duela eta buru belarri dabilela konponbidea aurkitu nahaian; eta berandu baino lehen arazoari aurre egin ahal izatea espero duela.

Beraz, Euzko Alderdi Jeltzaleko zinegotziok, egoeraren berri izan dugun orduko eta udal-oposiziotik ari garenaren jakitun, horrek dituen muga guztiekin, mugitu egin gara eta gure esku egon den guztia egin dugu.

Hau azalduz mozioarekin bat egiten dugu, eta hitz hutsetan geratzeaz haratago ekinez egiten jarraituko dugunaren konpromisoa helarazi nahi diegu herritarrei.

Badakigu behin behineko neurri batzuk hartu direla, hala nola jornada erdiko mediku bat etorri dela egun hauetan karga arintzen laguntzera.

Espero dugu ahalik eta epe laburrenean arazoa konponduta geratzea. Hala ere ziur gaude gizartea eta egoera aldatu egin direnez Osakidetzak konponbide estrukturalei ekin behar diola; horien arteko bat egoera hau sortu duen plaza berrien deialdi eta koberturen modeloa izanik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide