Skate parkearen eraikuntzari buruzko albistearen harira

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2024ko uzt. 18a, 15:47

GUKAk Skate Parkearen eraikuntzari buruz argitaratutako albistea dela eta, Zumaiako EAJ-PNVtik honako hau adierazi nahi dugu:

  1. EAJ-PNVren gobernuak (2015-2019) Skate Parkeko instalazioak hobetzeko eskaera jaso zuen skate erabiltzaileen aldetik. Egungo azpiegitura anakronikoa zenez, eta oraindik denez, erabilera handia duenez eta erabiltzaile asko instalazio hobeak dituzten inguruko udalerrietara joaten zirenez, EAJk interesgarri eta beharrezkotzat jo zuen ekipamendu berri bat egitea.
  2. Hainbat kokaleku aztertu eta horietako batzuk baztertu egin ziren auzotarren iritziak jaso ondoren.
  3. Azken kokaleku irmoa ez zen izan, albisteak dion bezala, herri eskolaren handipena gauzatzen ari den gaur egungo tokia, Aitzuri pilotalekuaren ondoko aparkalekua baizik. Beti ere skate erabiltzaileekin bat etorriz.
  4. Horrelako ekipamenduetan espezializatutako enpresa batek idatzi zuen proiektua 2018an, skate erabiltzaileek ala gomendatuta.
  5. 2018an eta 2019an beharrezkoak ziren aurrekontu-partidak gaitu ziren, 130.000 eurorekin, EAJ-PNV Udal Gobernuan egon zen agintaldiko azken urteetan.
  6. Behin tokia adostuta, idatzitako obra-proiektuarekin eta finantzaketari zegokion diru partida ziurtatuta, obren hasiera atzeratu egin behar izan zen aipatutako kokalekuaren inguruan, herrian gasa sartzeko hodi orokorra kanalizatzeko obrak egin behar zirelako. 2019an EH Bilduk (Gobernuan sartu zenean) proiektu hau albo batera uztea erabaki zuen.
  7. Oposiziotik, EAJ-PNVk 2021eko eta 2022ko aurrekontuetan zuzenketak sartu zituen aurrez aipatutako eta jada idatzita zegoen proiektu hau aurrera eramateko, baina aurrekontuetako zuzenketa hauek ez ziren onartu.
  8. 2022an egindako “Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin?” aurrekontu parte-hartzaile prozesuaren esparruan, proiektua Pump Track baterantz bideratu zen, eta 90.000 euro esleitu zitzaizkion 2024an egiteko.

Begi bistakoa da proiektu hau ez dela errealitate bihurtu, eta argi dago, halaber, asmo bat baino gehiago izan zela eta EAJ-PNVren azken Gobernuan zehar lan tekniko eta ekonomiko guztiak egin zirela eragile interesdunen partaidetzarekin.

Beraz, albistearen hasieran bertan jasotzen den baieztapena:

“Skate parke berria egitearena agintaldiz agintaldi luzatzen ari den proiektua da. Duela hiru agintaldi, Oier Korta (EAJ) alkate zela, iragarri zuen orduko udal gobernuak kirol hori praktikatzeko instalazio berria eraikitzeko asmoa zuela. Kokalekua ere planteatu zuten, baina azkenean ez zuten asmoetatik errealitatera eraman.”

Ez dator bat gertakarien errealitatearekin eta ez du behar bezala islatzen gobernu taldeak adierazitako ekintzen multzoa (teknikoak, aurrekontukoak, parte-hartzekoak, erabiltzaileekiko harremanen ingurukoak), orduko EAJ-PNVren gobernu taldearen lanari justiziarik egiten ez diona.

Skate parkea eta pump track

Deigarria da orain arte gertatutakoa. 2018tik, sei urte igaro dira eta geunden bezala jarraitzen dugu.

2018an proiektu bat edukitzetik, 2019an gobernu aldaketa bat izan eta horren ondorioz Skate Parkeko proiektua atzera botatzera igaro gara. 2022an bestelako proiektu bat planteatzetik 2024an dena airean edukitzera. Galdera da: Zer egin da benetan?

Aitzakiez haratago, EAJ-PNVtik argi ikusten dugu EH Bilduk presa duela gai honetan zerbait egin duela edo egiten ari dela ikusarazteko, izan ere, “Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin?” aurrekontu parte-hartzaile prozesua 2024an amaitzera konprometitu baitzen eta aurrekontu horietan herritarrek Pump Track-a egitea bozkatu baitzuten beste hainbat proiekturen artean.

EAJ-PNVk, Zumaiak bi ekipamenduak (Pump Tracka eta Skate Parkea) izatea merezi dituela eta izan ditzakela uste dugu. Izan ere, bi ekipamenduek erabiltzaile-oinarri garrantzitsua baitute eta Udalak beharrezko baliabide ekonomikoak izan bai ditzake aurrekontuaren kudeaketa egokia landuz.

Beraz, gure proposamena Skate Park bat egitea da, 2018an jada idatzitako proiektuaren arabera hasieran aurreikusitako kokalekuan, hau da, Aitzuri pilotalekuari lotuta. Eta, aldi berean, Pump Truck-aren proiektua, herritarrek bozkatu zuten bezala, adostu beharreko kokapen batean garatzea, estazioko lorategian Pump Truck egoki bat eraikitzeko espazio gutxiegi baitago.

Udalari eskatzen diogu ez ditzala bi proiektuak nahastu, bi jarduerak espazio berera mugatzeak dakartzan aktibitate murrizketengatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide