Zumaiako EAJren udal taldeak 2025eko ordenantza fiskalen alde bozkatu du

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2024ko urr. 3a, 08:32

Aurreko irailaren 26an ospatu zen osoko bilkuran, besteak beste 2025eko ordenantza fiskalak eztabaidatu genituen, gure aldeko bozka jaso zutelarik, zio hauetan oinarrituta:

Alde batetik, udal gobernuak proposatutako aldaketekin ados gaude, besteak beste:

  • Zerga eta tasen %3ko igoera orokorrarekin, KPI-aren aurreikuspenekin bat baitator.
  • Barne kudeaketa errazteko helburuarekin hobariak eskatzeko epea urtarriletik abendura pasatzea ondo deritzogu.
  • Zerga arauetan izan diren aldaketei egokitzapena.
  • Bestela burututako aldaketa konkretuak begi onez ikusten ditugu (hizkuntza ez sexista jasotzea, hirigintza lizentziak emateagatiko tasaren moldaketak…).

Bigarrenik, gure udal taldetik burututako proposamenak aintzat hartu dira:

  • Familia ugarien hobarietan proposatu genuen aldaketa onartu da: honela, bi seme-alaba dituzten guraso alargunak edota guraso ezgaituak lau seme-alaba dituzten familiekin parekatuko dira, kolektibo honek jasaten duen karga fiskala arinduz.
  • Uraren tasaren %12ko igoera modu ekitatiboan aplikatuko da. Horrela, kontsumo mailaren araberako progresibitatea ezarriko da, eta zenbait kuotetan beherapenak aurreikusten delarik, batez ere erabiltzaile ez-etxetiarrei dagokionez, merkatari eta negozio txikiengan eragina izango duelarik.

Zergak eta tasak modu zatikatuan eta zenbateko berdinean ordaintzea proposatu dugu, inolako kosturik gabe, herritarrek zein negozio txikiek zergen zamari era erosoagoan aurre egin diezaioten. Horretarako zerga bilketen udal ordenantza eraldatzearen konpromisoa lortu dugu otsailerako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide