Osakidetzak hutsik dauden familia mediku eta gainerako plazen egonkortze prozesua martxan du; eta urtea amaitu baino lehen hutsik dauden plaza horiek betetzea espero du.
Egonkortze prozesu honen ondorioz, Zumaiako osasun zentroan jada 2 familia mediku hasi dira lanean (guztira 5 ari dira lanean momentu honetan), 2 plaza hauek finkoak izan ez arren, Osakidetza buru belarri ari da beraiekin lanean ahalik eta erosoen sentitu daitezen Zumaian eta bertan gera daitezen.
Seigarren familia medikuari dagokionez, aspalditik bajan dagoen mediku baten plaza da eta egonkortze prozesuan txertatu da bueltatuko ez dela jakin denean. Inork hartu ez duenez, berriro ere eskaintzen jarraituko dute eta abenduaren 31rako betetzea espero du Osakidetzak.
Bestalde, urte amaierarako mediku bat jubilatuko da eta Osakidetzatik jakinarazi zaigunez, plaza hau barne mugikortasunaren esparruan eskainiko dute, baina abenduan jubilatuko denez, ordurarte ezin da martxan jarri. Plaza hau inork hartuko ez balu, ohikoa omen den bezala, lekualdatze edo bitartekotasunean eskainiko lukete.
Osakidetzaren eraldaketa martxan da
Alberto Martinez Osasun sailburuak adierazi duen bezala, gizartea "oso erritmo azkarrean" aldatu da, eta Osakidetzak 2008ko krisi ekonomikoaren eta Covid 19-aren pandemiaren ondoren areagotu zen eraldaketa bortitzera "egokitu" behar izan du. Euskal osasun sistemaren izen ona berreskuratzeko, Martinezek «premiazko» helburu gisa ezarri ditu itxaron zerrendak eta Lehen Mailako Arreta murriztea. Horretarako, «Lan Eskaintza Publiko (LEP) berezi eta berritzaile» bat proposatu du, betetzen zailak diren mediku postuetan gutxienez medikuek lau urte mantentzea ziurtatuko lukeena. Nolanahi ere, abisatu du: «Ez dugu makila magikorik».
Bere hitzetan, mediku falta izugarria dago, 3 edo 4 urte iraungo duen mediku eskasia dago, batez ere Lehen Mailako Arretan. Une honetan identifikatuta daude estaldura zaileko lanpostu batzuk, hala nola, Zumaia eta Oñatiko osasun zentroetan.
Esan beharra dago ere, 2008az geroztik Espainiako Gobernu ezberdinek diru falta zela eta LEP (Lan Eskaintza Publiko) gutxi edo batere ez dituela baimendu, Euskadiko mediku kopurua mugatuz.
Azken 40 urteetan garatu den osasun sistema dugu, Europako osasun sistema aurreratuenetariko bat. Euskal gizartea oso erritmo azkarrean aldatu da, ondorioz, hausnarketa bat egin eta sistema aldaketa horietara egokitzera behartzen gaituzten faktore batzuei aurre egin behar diegu. Une honetan, Euskadin estatu osoko zahartze-tasarik altuena dugu, Espainiako desgaitasun, mendetasun eta kronikotasun tasarik altuenekin. Horrek esan nahi du laguntza-eskari handiagoa beharko dugula eta aurrekoez gain beste zainketa maila bat ere beharko dugula. Euskal gizartea da Europa mailan medikua maiztasun handienarekin bisitatzen duen gizartea, eta, gainera, adin tarte guztietan gertatzen da. Premia bat dugu, gizarteak berak bultzatzen gaituena: Lehen mailako Arreta, irisgarritasuna, presentzialtasuna, profesionalen jarraipena... Horri erantzun behar diogu berehala, baita itxaron-zerrendei ere.
Osasun sailburua erronka guzti hauek Euskal Osasun Itunean lantzera konprometitu dela azpimarratu nahi dugu. EAJ-PNVko zinegotziok, egoeraren berri izan dugun orduko eta udal-oposiziotik ari garenaren jakitun, horrek dituen muga guztiekin, mugitu egin gara eta gure esku egon den guztia egin dugu. Euskadiko osasun sistema publikoa defendatzen jarraituko dugu.
EAJ-PNV beti Zumaia eta zumaiarren aurrerabidearen bidelagun.
Gazteleraz hemen