EAJren udal taldeak bederatzi zuzenketa aurkeztu ditu 2025eko aurrekontu proiektua hobetzeko

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2024ko aza. 26a, 08:30

Zumaiak behar bezala aurrera egitea nahi dugu, eta horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaigu 2025eko aurrekontuetan herriak dituen etorkizuneko beharrak planteatzea eta proiektatzea.

Gure taldetik argi daukagu zein den Zumaiarentzat nahi dugun herri eredua. Aipatuko ditugun bederatzi proposamen hauek herritarrekin eta hainbat eragilerekin batera landutako herri proiektu baten parte dira, eta gainera, gure hauteskunde programan jasota daude.

Bederatzi proposamenek 535.000 euroko diru kopurua osatzen dute guztira, eta herriaren alor ezberdinak ukitzen dituzte:

  1. Herri partehartzea eta gardentasuna: aurreko urteetan egin dugun bezala, ohiko bilkurak edo plenoak zuzenean ematea eskatu dugu.
  2. Heziketa: gazteen kontsumo ohiturak eta tokiko merkataritza uztartzeko helburuarekin, Zumaiako ikastetxeetan landuko litzatekeen kontsumo eskola sortzea eskatu dugu.
  3. Irisgarritasuna: osasun zentroa eta kiroldegiaren arteko eremuan bizikletak aparkatzeko gune estalia ezartzeko 60.000 euroko partida bat sortzea eskatu dugu. Izan ere, arratsaldetan, erabiltzaile kopuru handia dela eta, bizikleta pilaketa handiak sortzen dira.
  4. Kale azpiegiturak: 100.000 euro erabiliaz, herriko haur parke ezberdinak berritzeko eskatu dugu, gehienek modernizazio beharra baitute.
  5. Komun publikoak: Talaipeko komunez gain, herriko gainerako komunak ere berritzen joatea eta komun garbigarriak egitearen beharra dagoela uste dugu. Inbertsio hau 40.000 eurotara igotzea eskatu dugu.
  6. Kirola: Kiroldegiko eta Itsas kiroldegiko gimnasioetako makineria berritzeko inbertsioa 18.150 €eurotik 108.150 eurotara igotzeko eskatu dugu.
  7. Kolektiboen ongizatea: Jubilatuen etxeak berrikuntza handiak egiteko premia handia dauka; eta horretaz gain, martxoak 21eko osoko bilkuran, emergentzia klimatikoa dela eta, beroaren aurkako babesguneak sortzea edo egokitzea onartu zen aho batez. Horretarako 200.000 euroko partida sortuz, Hogarrean aire girotua instalatzeko eskatu dugu.
  8. Kultur ondarea eta Ekonomia sustapena: Kofradiako eraikinean, ticket salmenta, bertako produktuen erakusketa-salmenta puntua, informazio puntua eta gelditzen den azken bentaren bisitak dinamizatzeko puntua jartzea proposatu dugu 20.000 euroko partida bat sortuz.
  9. Udal ondarea: Aurreko agintalditik, udal eraikinen azterketa egitea eskatzen ari gara behin eta berriz. Zer gertatuko da hutsik geldituko diren edo dauden eraikinekin? Uste dugu azterketa serio bat egin beharra dagoela udal baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide