Planteatu zaizkien proiektuek herriak etorkizunean izango dituen beharrak asetzea izan dute helburu, Zumaiak behar bezala aurrera egin dezan ezinbestekoak iruditzen zaizkigulako.
Lehentasuna eman diegu proposamen hauei, herritarrekin eta hainbat eragilerekin landutako herri-proiektu baten parte direlako. Gainera, zuzenketa hauen bitartez atzeratuko liratekeen partidei, 2024ko aurrekontuen likidazioaren ondoren, berriro ekitea proposatu genien. Gutxitzea proposatu genituen partida garrantzitsuenen artean komentuko kapera eta gizarte zerbitzuetan gaindimentsionatuak dauden partida konkretu batzuk aurkitzen dira.
Aipatu bezala, honekin ez dugu esan nahi komentuko kapera egiterik nahi ez dugunik; lehentasuna herriko beste gai batzuk dutela, eta honi behin likidazioa egin ondoren hel diezaiokegula, baizik.
Bederatzi proposamenek 535.000 euroko diru kopurua osatzen dute guztira, eta herriaren alor ezberdinak ukitzen dituzte:
- Herri partehartzea eta gardentasuna: aurreko urteetan egin dugun bezala, ohiko bilkurak edo plenoak zuzenean ematea eskatu dugu.
- Heziketa: gazteen kontsumo ohiturak eta tokiko merkataritza uztartzeko helburuarekin, Zumaiako ikastetxeetan landuko litzatekeen kontsumo eskola sortzea eskatu dugu.
- Irisgarritasuna: osasun zentroa eta kiroldegiaren arteko eremuan bizikletak aparkatzeko gune estalia ezartzeko 60.000 euroko partida bat sortzea eskatu dugu. Izan ere, arratsaldetan, erabiltzaile kopuru handia dela eta, bizikleta pilaketa handiak sortzen dira.
- Kale azpiegiturak: 100.000 euro erabiliaz, herriko haur parke ezberdinak berritzeko eskatu dugu, gehienek modernizazio beharra baitute.
- Komun publikoak: Talaipeko komunaz gain, herriko gainerako komunak ere berritzen joatea eta komun autogarbigarriak egitearen beharra dagoela uste dugu. Inbertsio hau 40.000 eurotara igotzea eskatu dugu.
- Kirola: Kiroldegiko eta Itsas kiroldegiko gimnasioetako makineria berritzeko inbertsioa 18.150 eurotik 108.150 eurotara igotzeko eskatu dugu.
- Kolektiboen ongizatea: Jubilatuen etxeak berrikuntza handiak egiteko premia handia dauka; eta horretaz gain, martxoaren 21eko osoko bilkuran, emergentzia klimatikoa dela eta, beroaren aurkako babesguneak sortzea edo egokitzea onartu zen aho batez. Horretarako 200.000 euroko partida sortuz, Hogarrean aire girotua instalatzeko eskatu dugu.
- Kultur ondarea eta Ekonomia sustapena: Kofradiako eraikinean ticket salmenta, bertako produktuen erakusketa-salmenta puntua, informazio puntua eta gelditzen den azken bentaren bisitak dinamizatzeko puntua jartzea proposatu dugu, 20.000 euroko partida bat sortuz.
- Udal ondarea: Aurreko agintalditik, udal eraikinen azterketa egitea eskatzen ari gara behin eta berriz. Zer gertatuko da hutsik geldituko diren edo dauden eraikinekin? Uste dugu azterketa serio bat egin beharra dagoela udal baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko.
Argi daukagu Udal Gobernuaren aldetik ez dela inongo borondaterik egon adostasun bat lortzeko eta espero dugu 2024ko aurrekontuaren likidazioaren ostean, 2025 urtean txertatuko diren proiektuen artean gure proposamenak kontuan hartzea.