HAPOak 1.000 etxebizitza baino gehiago proiektatu beharko lituzke

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2025ko urt. 15a, 15:34

Hirigintza plana ahalik eta adostasun handienarekin onartzearen alde agertzen gara, eta Gobernu taldeak oposizioarekin akordioak lortzeko orain arteko interes falta deitoratu nahi dugu.

Asmo horrekin, HAPO-aren aurrerakinaren fasean zenbait proposamen eta ideia jasotzen dituen lehen dokumentu bat aurkeztu genuen 2021eko otsailean. Aurrerakinaren fasearen ondoren, hasierako onespen fasean gaude gaur gaurkoz eta fase berri honetako edukiak zehazten dituen dokumentazioa azaroan eman zitzaigun, abenduko osoko bilkuran edukiak bozkatzeko helburuarekin. Beraz, aurrerakin fasea (2021) eta hasierako onespen fasea (2024) bitartean ez da oposizioko taldeekin inolako kontakturik izan. Ez dugu uste hau herritarrentzat mesedegarria denik.

Hasierako onespenaren dokumentuari dagokionez, abenduko bilkuran ezezko bozka eman genion dokumentu berri honen edukien erredakzioan gure iritzia kontuan hartu ez delako. Eta bestalde, dokumentuak bere orokortasunean aztertuz, ez diolako herriaren arazoei epe ertain-luzeko soluzio bat eskaintzen. Dokumentua kontserbadorea da intrinsekoki. Beste hainbat gaien artean, esaterako, Zumaian 1.180 etxebizitzako gehieneko bizitegi-ahalmena dago, baina hasierako onespeneko dokumentu honetan 837 etxebizitza daude ordenatuta (654 ordenaketa berriak). Ondorioz marjina badago etxebizitza gehiago proiektatu eta eskaintza-eskari legean eragiteko Zumaiako etxebizitzaren prezioa eskuragarriagoa izan dadin.

Hurrengo pausoei dagokionez, hasierako onespeneko dokumentu honen alegazioetan ekarpenak egingo ditugu arlo ezberdinetan, HAPO-aren dokumentua herritarrentzat ahalik eta osoena izan dadin; eta malgutasuna, hausnarketa, elkarrizketa, iritzi trukaketa eta lanketa bultzatuko ditugu.

HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) 8-12 urterako plan urbanistiko bat da Zumaiarentzat; hiri-garapenerako, lurzoruaren erabilerarako eta udalerri batean egin daitezkeen jardueretarako jarraibideak ezartzen dituen tresna juridikoa baita. Funtzio nagusitzat lurralde bateko espazio fisikoa nola antolatzea du, eta horrek eragin zuzena du Zumaiako gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren garapenean.

Horrenbestez, desiragarria litzateke dokumentu hau aho batez onartu ahal izatea. HAPO bat aho batez onartzeak ikuspegi inklusibo bat islatzen bait du; izan ere, udal osoko bilkuran ordezkatuta dauden sektore guztien ikuspegi eta beharrizan desberdinak kontuan hartu eta aintzat hartuko lituzkelako, ideologia desberdinak dituzten talde politikoak barne. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide