Hogarreko tabernaren itxiera, EH Bilduren erantzukizuna

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2025ko ots. 10a, 11:38

Hogarraren kanpoaldea.

Otsailaren 4an Hogarreko taberna itxi egin zen. Hainbat eta hainbat zumaiarron aisialdirako gunea zerbitzurik eman gabe egongo da denboraldi baterako.

Zumaiako EAJk Udal Gobernuaren utzikeria salatu nahi du, ez baitago inolako aitzakiarik horrelako kaltea eragiteko zerbitzu horren erabiltzaile den gure herriko kolektibo bati.

2024ko urritik EH Bilduren Udal Gobernuak bazekien orain arte zerbitzua ematen zuenak ez zuela kontratua berritzeko asmorik, eta kontratu berri baten lehiaketa atera beharrean zegoela udala.

Beraz, egoera hau saihesteko aukera bazegoen, adjudikaziodunak aurrerapen handiz bere egoeraren berri eman baitzuen, eta kontratu berria esleitzeko denbora nahiko eta soberan egon delako.

Gai horrekin lotuta, Udal Gobernuak Hogarrarekiko sentsibilitate falta ere erakutsi zuen aurrekontuetan. Guk aurkeztutako proposamenari ezetza eman zion, hau da, klima larrialdia dela-eta Hogarrean aire girotua instalatzeko proposamenari.

Tabernaren esleipenaren atzerapenaren erantzukizuna EH Bildurena da, ezin zaio beste inori egotzi. Kudeaketa eredu honen beste adibide batzuk, iazko Santiago hondartzako kantinaren eta hondartzetako sorosleen zerbitzuaren esleipenak dira. Aurrerantzean datozen esleipenak aurrerapen handiagoarekin aurreikusi beharko lirateke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide