Gaur egungo Zumaia EAJ-PNVren ekimenez diseinatua eta eraikia izan da, besteak beste. Orain, datozen belaunaldietarako gure herriaren etorkizuna definitzea dagokigu, zumaiarrok zer nolako herria nahi dugun erabaki behar dugu. Ordea, tamalez, azken urteetan EHBilduk ez du ekarpen berririk eta seriorik egin, eta Zumaia geldirik geratzen ari da. Egoeraren aurrean, Zumaiak bi aukera ditu: anbizioz aurrera egitea ala atzean geratzea.
Horregatik, EAJ-PNVk hazkunde eredu trinko, ordenatu eta konektatua proposatzen du. Etxebazitzari dagokionez, 1312 bizileku berri arteko hazkundea, eraikuntza fase eta udal-agintaldi ezberdinetan garatu daitekeena. Beti ere, modu jasangarrian aurrera eramango dena eta eremu berria egungo hiri egituran txertatuta. Izan ere, tipologia eredu anitzeko etxebizitzak eskaini behar dira, herriko gazte eta familiek herrian bertan bizitzen jarraitu dezaten.
Ildo beretik, Hirigintza plan berriak (HAPO) udalerria antolatzea du helburu, eta horrek Zumaiako gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren garapena markatuko du datozen hamarkadetan, Zumaiak une erabakigarria bizi baitu.
Testuinguru horretan, herritarrekin partekatu nahi ditugu gure ikuspegia, proposamena eta herri eredua. Horrexegatik, proposamenean, honako proiektu eraldatzailea hauek aurkeztu ditugu:
Etxebizitza
Gaur egungo etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, Basusta eremuan bizitegi-eskaintza kuantitatiboki handiagoa, orekatuagoa eta egokiagoa eskaini beharra dago. Horretarako, epe luzeko estrategia diseinatu da, progresiboki datorren hamarkadan garatu dadin. Gainera, eremuaren kokapen altuak balizko uholdeen eta itsas mailaren igoeraren aurkako babesa bermatzen du. Trenbide-geltokiaren ondoan duen kokapen estrategikoa aprobetxatuz, oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren bidezko mugikortasunari lehentasuna ematen dio. Gainera, geltokiaren inguruko hiri-berroneratze prozesuari jarraipen jasangarria emateko aukera ematen digu.
Eremuan, 750 etxebizitza berri inguru eraikitzea aurreikusten dugu lehen fase batean, horietatik 500 babes ofizialekoak (BOE) izango liratekeelarik. Horrek, Zumaiak 1.312 etxebizitza arteko eskaintza globala edukitzea eragingo luke etorkizunean, EH Bilduk HAPOan egindako 687 etxebizitzako eskaintzarekin alderatuz.
Mugikortasuna eta aparkalekuak
Erdigunean eta Alde Zaharrean bizi diren herritarren aparketzeko arazoei soluzioa emango liokeen lurpeko aparkalekua proposatzen dugu, Beheko Plazan. Lekuaren kokapen estrategikoak, hirigunetik autoen joan-etorria mugatzea ere ahalbidetuko luke. Beheko Plaza osorik berrantolatzeko proiektuaren baitan txertatuko litzateke aparkalekua. Helburua Zumaiako herritarrentzako gune nagusi hau berreskuratzea eta hobetzea da herritarren beharretara egokituz.
Udalerriko sarreretan aparkaleku disuasorio sistema txertatzea proposatzen dugu, GKN-Aita Mari gunean bezala, erdigunea arindu eta herrira sartzea errazteko.
Bide-trazadura berriak minimizatu behar dira, behar-beharrezkoak direnetara mugatzeko. Hirigunera (Zubitxikia) sartzeko zubiaren ondoan biribilgune bat eraikitzea iradokitzen dugu, baita Aita Mari futbol zelaia kokatzen den tokian, ipar-hego ardatz bat irekitzea ere; haren traza ekialderantz mugituz, etorkizunean kiroldegiari handitzeko aukera emateko.
Enplegua
Xey eremua eta bere ondoan dauden Bialea 1 eta Bialea 2 sektoreak Zumaiako jarduera ekonomikoa garatzeko gune estrategikoak dira. Arlo horiek erabat lotuta daude komunikazio-bide nagusiekin, eta potentzial handia dute enpresa eta industria-jarduera berriak hartzeko; batez ere, sektore jasangarrietan eta berrikuntzakoetan.
Hiru espazio horien beharretara egokitutako urbanizazio plan baten beharra aldarrikatzen dugu.
Ekipamenduak
Kiroldegiak hegoaldera eta ekialdera zabaltzeko aukera ematen du, horretarako futbol-zelaiaren iparraldeko lurzatia etorkizuneko kirol erreserba gune izan behar duela uste dugu.
Puntanoeta II.n futbol-zelai berri bat behar bezala sartzen dela xehetasun handiagoz aztertzearekin bat, gune honetan kirol instalazio berriak ere egiteko tokia izan beharko luke.
Plan Orokorrak ekipamendurako lurzati gehigarriak aurreikusi behar ditu, herri- nahiz eskualde-mailako zaintza ekosistema bat garatzeko.
Espazio publikoak
Oikiako hiri antolamenduari dagokionez, aldez aurretik zegoen eraikin publikoa, hau da, eskola txikia, bere horretan mantentzeko eskatzen dugu, Oikiarren elkargune izaten jarraitzeko. Halaber, eskola txikiaren atzealdean dagoen gune librean plaza bat sortzen saiatzeko eztabaida bultzatzea eskatzen dugu.
Goiko plaza eta alde zaharrari bizia ematen dion merkataritza ekipamenduak bertan mantentzea proposatzen dugu, auzoko aktibitate ekonomiko sarea bizirik mantendu dadin.
Estazioko auzoaren identitatea mantentzeko, dauden eraikuntzak finkatzea edo konsolidatzea proposatzen dugu; alde batetik, auzo guztiaren eremua birgaituz, eta, bestetik, bereziki, uholde arriskuei begira.
Datozen asteetan, EAJ-PNVk entzuketa eta partaidetza prozesua ipiniko dugu martxan: eragile, elkarte eta zumaiarrekin proposamena kontrastatzeko, eta idea berriak jasotzeko. Ideia guzti horiekin, Zumaiako hirigintza eredua are eta aberatsagoa osatu nahi dugu “herri bizia, kohesionatua eta oparoa eraikitzeko”.