Udal Gobernuak Erkibe eraikin historiko beraren aurretik, inguruan dauden lorategien birgaitzea lehenetsi izana gaitzesten dugu. Plangintza falta hau, eraginkorra ez den kudeaketaren adibide argia da; izan ere, Erkibe ingurua 327.000 euroko aurrekontuarekin birgaitzea esku-hartze partziala da eta ez du konpontzen benetako premia urgentea: eraikinari erabilera integrala ematea. "Erkibe eraikina ondare baliotsua da Zumaiarentzat, eta osorik birgaitu beharko litzateke. Lorategiak lehenestea aukera galtzea da",
Zentzu horretan, gure proposamena Erkibe, herritarrentzat erabilgarria izango den espazio bihurtzea eta bertako zerbitzua familiei eta gazteenei zuzendua egotea da (hala nola, ludoteka gisa). Hala ere, badirudi EH Bilduk eraikin hori ahaztuta utzi duela, eta proiektu mugatu batean soilik oinarritu dela.
Ildo horretan, kudeaketa falta ere salatzen dugu: eraikinaren eta inguruaren birgaitze integralak 1,5 milioi euro inguruko kostua izango luke, baina lorategietan soilik 327.000 euroko gastua egiteak lehentasunik eza erakusten du. "Ulertezina da dirua lorategira bakarrik bideratzea, Zumaiaren benetako balioa Erkibe eraikinaren birgaitzean dagoenean".
Bestalde, Udal Gobernuak Algorri interpretazio zentroko birgaitze jasangarrira bideratuta zegoen 400.000 €-ko dirulaguntza, Santiagoko arrapalara (128.364,28 €) eta Erkibeko lorategira (271.635,72 €) birbideratu nahi duela salatu nahi dugu. Gure ustez, birbanaketa hori petatxo bat da, udalerriaren benetako arazoak konpontzen ez dituena, eta behar duen kudeaketa integralari heltzen ez diona.
Kudeaketa eraginkorra izango duen Zumaia bat nahi dugu, bere ondarea errespetatuko duena eta herritarren beharrei erantzungo diena. Proiektu bakoitzak komunitatearen zerbitzura egon behar du.