EH Bilduk babesleku klimatikoak sortzeko duen ezintasuna kritikatu eta jubilatuen egoitzan neurriak hartzea eskatzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2025eko uztailaren 10a

Hogarra, Eusebio Gurrutxaga plazan

Udalbatzak berotik babesteko guneak sortzea aho batez onartu zuela gogorarazi nahi dugu, eta berriro ere, Jubilatuen Egoitzan klimatizazio-sistema egoki bat jartzea eskatzen dugu ezinbesteko urrats gisa.

EH Bilduren Udal Gobernuak larrialdi klimatikoaren inguruan hartutako konpromisoak betetzeko borondaterik ez duela salatu nahi dugu, 2025eko aurrekontuan ez baitu jaso Jubilatuen Egoitzan aire girotuko sistema bat jartzeko proposamena.

Gogorarazi nahi dugu joan zen 2024ko martxoaren 21ean Udalbatzak aho batez onartu zuela Zumaian babesleku klimatikoak sortzea edo egokitzea, biztanleria ahulena bero handiaren eraginetatik babesteko. Hala ere, aurrekontuen negoziazioan, Udal Gobernuak baztertu egin zuen Jubilatuen Egoitza girotzeko eta berritzeko eskatutako 200.000 euroko partida.

Ez dugu ulertzen nola egin diezaioketen ez ikusiarena osoko bilkurak onartutako akordio bati, are gehiago larrialdi klimatiko aitortu baten aurrean. Zumaian berehala hartu behar ditugu neurriak, eta Jubilatuen Egoitza babesleku klimatiko bihurtzea ezinbestekoa da adinekoen ongizatea bermatzeko.

Zentzu horretan, klimatizazio-sistema egoki bat jartzea, kapritxo bat izatetik urrun, udalerriko adinekoen osasuna eta bizi-kalitatea babesteko premiazko neurri arduratsu bat dela azpimarratu nahi dugu. Jubilatuen Etxean inbertitzea gizarte-zerbitzuetan eta adinekoen duintasunean inbertitzea delako.

Horrekin guztiarekin batera, EH Bilduren Udal Gobernuak aurrekontuen negoziazioan elkarrizketarako aukera gutxi eman zituela gehitu nahi dugu; izan ere, EAJ-PNVtik egindako zuzenketa guztiak erabat baztertuak izan baitziren, akordiorik eta alternatibarik bilatu gabe.

Zumaiak plangintza, koherentzia eta pertsonekiko benetako konpromisoa behar dituela azpimarratzen jarraituko dugu. Larrialdi klimatikoari buruzko hitzek ekintza zehatzak eta inbertsio errealak ekarri behar dituztelako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide