Atzo egindako uztaileko osoko bilkuran, Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) oinarriak aho batez aurrera atera ziren. Hala ere, EH Bilduk atzera bota ditu errolda baldintzak hobetzeko EAJk egin dituen proposamenak.
Bilkuran onartu ziren erroldatze baldintzak, 2025eko irailaren 19a erreferentziatzat hartuta, honako hauek dira:
- Zumaian gutxienez azken 2 urteetan etenik gabe erroldatuta egon izana.
- Edo Zumaian azken 10 urteetan 5 urtez erroldatuta egon izana.
EAJk honako errolda baldintza hauek proposatu ditu, beti ere, 2025eko irailaren 19a erreferentziatzat hartuta:
- Zumaian gutxienez azken 5 urteetan etenik gabe erroldatuta egon izana.
- Edo Zumaian azken 20 urteetan 10 urtez erroldatuta egon izana
Gure errolda proposamenak eskualdeko beste udalerrietan ere aplikatzen diren irizpideetan oinarritzen dira, eta Zumaian bizi proiektua finkatu nahi izan duten herritarrei zuzenduta daude.
Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) oinarriei dagokienez, Zumaiako Udalaren eskumenak mugatuak dira: zozketa nola egingo den eta erroldaren ezaugarriak baino ezin ditu zehaztu. Gainerako eskumen guztiak Eusko Jaurlaritzarenak dira. Esaterako, babes ofizialeko etxebizitzen prezioa (BEZ barne, 180.000 eta 230.000 euro artekoa izan behar dena etxebizitzaren ezaugarrien arabera). Hori horrela izanik, funtsezkotzat jotzen dugu erroldaren ezaugarriei pisu handiagoa ematea.
Torreaga eremuko hitzarmena, 2018koa
2018an, EAJ alkatetzan zegoela lortutako hitzarmenari esker, gaur egun Torregako gunean etxebizitza tasatuak eta babes ofizialekoak egingo dituzte.
Akordioan jasotakoaren ondorioz, 250 etxebizitza eraikiko dira Torreagan. Hasiera batean ez bezala, etxebizitza horiek ez dira guztiak libreak izango; aitzitik, %20 tasatuak izango dira, %20 babes ofizialekoak, eta gainerakoak libreak. Hori izan zen hitzarmen berriaren aldaketa garrantzitsuena. Horrez gain, udalak 1.500 metro koadroko lokal bat ere eskuratuko du. Diseinuari dagokionez, hasierako L formako eraikin handi bat izatetik, gaur egungo plangintzako bost bloke izatera pasatu zen proiektua.
2018ko iraileko osoko bilkuran onartu zen Torregaberriko hitzarmen berri hura. Orduko hartan abstentzioaren alde egin zuen EH Bilduk, honakoa argudiatuz: "Babes ofizialeko etxe gehiago lortzeko aukera dago, baina hitzarmena ez dugu oztopatu nahi; beraz, abstenitu egingo gara".
2019tik EH Bilduk dauka Zumaiako alkatetza, baina eskatzen zutenaren kontra, babes ofizialeko etxeen kopurua ez dute handitu. Urte amaieran, dena ondo badoa, 2018ko hitzarmenean jasotako babes ofizialeko etxebizitzak zozkatuko dituzte. Oso pozik gaude EAJren lanaren ondorioz zumaiarrentzat etxebizitzak egingo direlako.