Zumaiako EAJk oso positibotzat jotzen du Balenciaga ontziolaren etorkizunerako aurkeztutako nazioarteko eskaintza industriala ontzat emateko hartutako erabakia. Urrats erabakigarria da, Zumaiako industria jardueraren jarraipena bermatzen duelako, eta, are garrantzitsuagoa dena, enpleguari eustea ziurtatzen duelako ontziolako langileei egonkortasuna eskainiz.
Azpimarratu nahi dugu ebazpen hori inplikatutako alde guztien arteko lankidetza zintzoaren eta etengabearen emaitza dela. Bereziki, EAJk gidatutako Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa nabarmendu nahi dugu; izan ere, hasiera-hasieratik lehenetsi du etorkizunerako bokazioa eta langileentzako bermeak izango dituen proiektu industrial sendo bat bilatzea.
Industria sarearekiko eta kalitatezko enpleguarekiko konpromisoa lehentasuna da EAJrentzat. Kasu honetan, lan diskretu baina etengabea ezinbestekoa izan da orain argitara ematen ari den irtenbidea bideratzeko.
Zumaiarentzat, oro har, albiste bikaina da, baina batez ere, hilabeteak zalantzaz eta kezkaz beteta igaro dituzten langileentzat eta familientzat. Hurbiltasun eta itxaropen mezua helarazi nahi diegu horiei, abian jarri den proiektua etorkizunari konfiantzaz begiratzeko aukera berri bat delako.
Euskal industriarekin, enplegu duinarekin eta eskualdeko garapen ekonomikoarekin dugun konpromisoa berresten dugu.