Gure helburua plan errealista eta eraginkor bat garatzea da, zumaiarren eguneroko beharrak kontuan hartuz eta herria irisgarriago, seguruago eta jasangarriago bihurtzea helburu duena. Planaren arrakasta, berriz, ikuspegi inklusiboan oinarritzen da.
Aurkeztutako proposamenen artean, lehentasunezkotzat jotako jarduera hauek nabarmentzen dira:
- Patxita Etxezarreta kalea: espaloien desnibelak egokitzea eta oinezkoen lehentasuna bermatuko duen bide-eredua ezartzea, ibilgailuen abiadura motelduta, kale zuzenaren trazadura mantenduz.
- Aita Mari kalea: espaloi zabalak eta bidegorri jarraia sortzea, oinezko eta txirrindularien segurtasuna indartzeko.
- Alai kalea: espaloiak handitzea eta berdeguneak eta zuhaitzak txertatzea, kale atseginago eta jasangarriago bat lortzeko, eta aldi berean merkataritza jarduera sustatzeko.
- Zubitxiki ingurua (biribilgunea): biribilgune bat eraikitzea, zirkulazioa arintzeko eta auto-ilarak saihesteko.
- Urola plazako lurpeko aparkalekua: bisitarientzako aparkatzeko aukera eskaintzea, hiriguneko trafikoa murriztuz.
- Saregile plaza: oinezkoentzako pasabidea zabaltzea, konexioa erosoago eta seguruagoa izan dadin.
- Txomin Agirren autobus geltoki berria: Amaiako plazatik gertu geltoki bat sortzeko aukera aztertzea, herritarren parte-hartzearen bidez eta dagoen eskaerari erantzuteko.
- Itzurungo igogailua eta Larretxo arteko lotura: Igogailu berriko lehen solairutik Larretxo auzora zuzeneko sarbidea gaitzea.
Beharrezkoa da neurriak herritarren parte-hartzea eta adostasuna oinarri hartuta diseinatzea, guztion iritzi eta ekarpenak kontuan hartuz. Horrela, lortzen diren irtenbideak ez dira soilik epe laburrerako izango, baizik eta epe luzera iraunkorrak, eraginkorrak eta udalerriko errealitate anitzari egokituak.