Mugikortasun planean EAJk aurkeztu dituen proposamenei ezekoa eman die EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2026ko martxoaren 31

Zumaiako EAJ taldeak ziurtatu du mugikortasunari buruzko hainbat proposamen egin dituela, baina udal gobernuak atzera bota dituela. Hori guztia azaltzeko jeltzaleek idatzi duten gutuna da honakoa.

Zumaia irisgarriagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa lortzea da gure helburua. Horretarako, zumaiarren beharrei erantzuteko asmoz, oinezkoen mugikortasuna, garraio publikoa eta trafikoaren murrizketa ardatz dituen plan errealista eta orekatu bat proposatu genuen.

Hala eta guztiz ere, udalaren aldetik jaso dugun erantzunak gure herriarentzat funtsezkoak diren hainbat proiektu estrategiko albo batera utzi ditu, herriaren garapenerako aukerak mugatuz.

Lurpeko aparkalekuei uko

Beheko Plazan lurpeko aparkaleku bat eraikitzea proposatu genuen, Alde Zaharreko bizilagunei zerbitzua emateko eta txandakako aparkatzea ahalbidetzeko. Kokapen estrategiko hori baliatuz, gure helburua herri erdiguneko kaleetan zeuden autoak lurperatzea eta azaleko aparkaleku kopurua murriztea zen. Modu horretan, gune publikoa berreskuratu eta oinezkoei lehentasuna eman nahi genien; aldi berean, ekimen honekin tokiko merkataritza dinamizatzea eta inguruko kaleetako segurtasuna hobetzea genuen helburu.

Bestalde, Urola plazan lurpeko beste aparkaleku disuasorio bat egitea proposatu genuen, bariantetik datozen turistek bertan aparkatu dezaten. Horrela, herrian auto-ilarak gutxitzea ahalbidetuko litzateke.

Trafikoa, hirigintza eta irisgarritasuna

Bestalde, Zubitxikiari, Patxita Etxezarreta kaleari, Larrexokoko auzoko pasarelari, Aia kaleari eta bestelako konexioei lotuta egin genituen proposamenak atzera bota ditu EH Bilduk:

  • Zubitxikia: Herri sarrerako auto-ilarak arintzeko proposatutako biribilgunea ez dute onartu. Zumaiako herrigunerako sarbidea hobetzea zen helburua, udalerriko sarrera horretako trafiko-fluxua hobetuz.
  • Patxita Etxezarreta: Errepidea zuzen mantentzeko eskaerari uko egin dio udalak, trazatu bihurgunetsu baten alde eginez. Trafikoa baretzeko eta oinezkoari lehentasuna emateko landaredia eta itzal naturalak baliatuko lituzkeen diseinu ausart baten ordez, galtzadan "eseak marraztera" mugatu da plana. Ondorioz, autoak protagonismoari eusten dio, gaur egun autoek bidearen %70 hartzen duten espazio horretan.
  • Larretxoko auzorako pasarela: EH Bilduk ezetz erantzun dio Larretxoko igogailutik auzora —bizilagun gehien dituen gunera— pasarela zuzen bat egiteko proposamenari.
  • Alai kalea: Alai kalea berrurbanizatzea proposatu genuen espaloiak zabalduz, merkataritza-gune garrantzitsua baita. Helburu nagusia oinezkoentzako espazioa berreskuratzea zen, irisgarritasuna bermatuz eta zuhaitzak zein lorategi-guneak txertatuz.
  • Konexioak: Txomin Agirre kaian autobus-geltoki berri bat jartzea aztertzea edo Saregile plazan pasabidea zabaltzea oinezkoei segurtasuna emateko; horiek ere ez dira planean barneratu.

Lanean jarraitzeko beharra

Ekarpen puntual batzuk onartu badituzte ere, Zumaia eraldatzeko eta hobetzeko aurkeztu genituen proiektu nagusiak baztertu egin dituzte. Hala ere, gure konpromisoak tinko dirau: lanean jarraituko dugu Zumaia herri erosoagoa eta irisgarriagoa izan dadin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide