Udalak hiri-mantenimendua bertan behera utzi duela salatu du EAJk, eta berehalako ekintzak eskatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2026ko apirilaren 27a

Jadarre auzoa. (EAJ)

Espaloiak, errepideak eta espazio publikoa egoera kaskarrean daudela ohartarazi du EAJk, eta aldi berean, neurri zehatzak eta premiazko inbertsioak proposatu ditu.

Udal Gobernuaren mantenu faltak udalerriaren okertze nabarmena eragin du. Kaleek, espaloiek eta espazio publikoek gero eta egoera kezkagarriagoa erakusten dute, herritarren segurtasunerako benetako arriskuak sortuz.

Adibide argietako bat da Aita Mari: oinezkoen pasabidearen erdian tamaina handiko zulo bat dago, eta gainera, kalte ugari antzematen dira kale osoan. Antzeko egoera gertatzen da Patxita Etxezarretan ere; bertan, zuloak gero eta ohikoagoak dira, eta dagoeneko erorikoak eragin dituzte bizilagunen artean.

Gure ustez, ez dira kasu isolatuak, mantenu falta orokortu baten ondorio zuzena baizik. Udalak ezin du beste aldera begiratu udalerrian oinez ibiltzea arriskutsua bihurtu duten guneak daudenean.

Foronda da kezkatzen gaituen beste eremuetako bat. Mantentze lanen gabezia nabarmenaren ondorioz, eraikinak narriadura egoera argia du, baranda berritu beharrean dago, ingurua zaborrez beteta dago, belarra moztu gabe dago, eta, gainera, lehen zeuden bankuak desagertuta daude.

Jadarreri ere arreta berezia eskaini nahi diogu; azken urteotan ia inbertsiorik jaso ez duen auzoa. Egoera horren aurrean, hiru jarduera zehatz eta errealista proposatu ditugu, auzotarren egunerokoa hobetzeko: parkearen berrikuntza integrala, markesina duen autobus geltoki berri bat instalatzea eta mantentze orokorra indartzea: espaloiak, eserlekuak, argiztapena eta berdeguneak.

Azkenik, salatu nahi dugu Zumaiak ez duela komun publiko zerbitzurik Basustabidean udazkenean eta neguan. Zerbitzu hori udaberrian eta udan baino ez dute jartzen martxan, denboraldi turistikoarekin bat eginez.

Ibilbide hori zumaiarrek urte osoan zehar erabiltzen dute, eta beraz, ez da bidezkoa zerbitzua soilik turisten presentziaren arabera eskaintzea. Ezin zaio kanpotik datorrenari lehentasuna eman herritarren beharrak bigarren mailan utzita.

Udal Gobernuari berehala jarduteko eta partxeen bidezko kudeaketa baztertzeko eskatu diogu. Zumaiak mantentze egokia, plangintza sendoa eta herritarrekiko benetako konpromisoa behar ditu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide