Udalaren hirigintza planak, HAPOak, ez dio Zumaiako etxebizitza krisiari soluziorik ematen

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2026ko maiatzaren 7a

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) behin-behineko proposamenari ezezko botoa eman diogu, ez gaudelako ados planteatutako hiri-ereduarekin. Gure ustez, proposamen honek ez die erantzuten Zumaiako herriaren epe ertain eta luzerako beharrei.

Etxebizitza krisi betean gauden honetan, HAPOa da udalaren tresnarik garrantzitsuena egoerari aurre egiteko. Hala ere, akatsa iruditzen zaigu planak 8 urteko denbora-horizontea soilik jasotzea. Aurreko plangintzek, oro har, 20 urte inguruko indarraldia izan dute, eta egungo planteamendua motz geratzen da etorkizuneko beharrei erantzuteko.

Etxebizitzen kopuruari dagokionez, azpimarratu nahi dugu HAPOak 680 etxebizitza berri aurreikusten dituela, eta ez 863; izan ere, Torreagako etxebizitzak dagoeneko gauzatuta, esleituta edo lizentziadun egongo dira HAPO behin betikoa onartzen denerako. Gure proposamena datozen 15 urteetarako 1.300 etxebizitza berri inguru egitea da, eta horietatik 500 etxebizitza publiko izatea.

Bestalde, gogorarazi nahi dugu Udalak Zumaia bizitegi-merkatuko gune tentsionatu gisa izendatu zuela. Indarrean dagoen legediak ezartzen duenez, udalerriko etxebizitza-parke osoaren %20a babes publikoko etxebizitzek osatu beharko dute 20 urteko epean. Hala ere, onartutako HAPOarekin helburu hori betetzea ezinezkoa izango litzateke, eta, ondorioz, ez litzateke etxebizitza krisiari benetako irtenbiderik emango. 

Era berean, uste dugu planak erantzun eskasa ematen diela jarduera ekonomikorako lurzoruaren aktibazioari, hiri-mugikortasunari, ekipamenduen plangintzari eta, oro har, hiriaren kalitatea hobetzeko aukerei.

Halaber, EH Bilduk adierazi du Basusta bezalako eremuak txertatzeak hasierako onespenera itzultzea eta parte-hartze prozesu berria egitea ekarriko lukeela. Hala ere, uste dugu borondate politikoa balego posible litzatekeela onespen eta jendaurreko erakustaldi berria modu arinean egitea, eta, beharrezkoa balitz, aldaketa esanguratsuak dituzten eremuetara mugatzea. Horrelako prozesu batek hiru hilabete inguruko iraupena izango luke.

Epe ertain eta luzera etxebizitza krisiari benetako irtenbideak ematea premiazkoa dela uste dugu, eta horregatik, EH Bilduri borondate politikoa eskatzen diogu norabide horretan aurrera egiteko.

Horregatik guztiagatik, HAPO hau anbizio faltakoa eta kontserbadorea dela iruditzen zaigu, eta ez diola Zumaiak bizi duen etxebizitza krisiari behar bezalako erantzunik ematen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide