Ubillos jauregiaren etorkizuna zehazteko parte hartze prozesu bat egitea proposatu du EAJk

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea

Ubillos jauregia.

Ubillos jauregia berreskuratzea eta herritarren zerbitzura jartzearen aldeko jarrera erakutsi du EAJk gutun honetan.

Zumaiak aparteko ondarea du, eta Ubillos jauregia udalerriaren nortasunaren parte da. Duen ondare-balioagatik, kokapenagatik eta ekipamendu publiko gisa duen potentzialagatik, ezin dugu onartu hutsik eta etorkizunerako bide-orri argirik gabe jarraitzea.

Horregatik, herritarrengana eta udalerriko eragile sozial, kultural eta ekonomikoengana zabalduko den parte hartze prozesu bat egitea defendatzen dugu, eraikinaren inguruko beharrak eta ekarpenak ezagutzeko eta haren etorkizuneko erabilerak modu partekatuan zehazteko.

Bultzatu nahi dugun prozesuak hiru fase izango lituzke. Lehenengo fasea eraikinaren azterketan eta diagnostikoan oinarrituko litzateke: haren ezaugarriak, beharrak eta izan ditzakeen erabilera-aukerak aztertuko lirateke. Bigarren fasean, herritarren parte hartzea sustatuko litzateke, ekarpenak jasotzeko eta udalerriko kolektibo ezberdinen beharrak eta itxaropenak ezagutzeko. Azkenik, hirugarren faseak aukera ezberdinen balorazio teknikoa egitea eta bideragarrienak hautatzea ahalbidetuko luke, besteak beste, erabilera publikoa, jasangarritasun ekonomikoa eta proiektuaren bideragarritasuna kontuan hartuta.

Ubillos jauregia berreskuratzeko, plangintza, entzute aktiboa eta gauzatzeko gaitasuna behar dira. Horregatik, beharrezko eztabaida sustatu eta herritarrak haren etorkizunaren definizioan inplikatu behar direla uste dugu, jauregia berriro Zumaiaren zerbitzura jarriko duen bide-orri bat adosteko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide