Zumaiako udalbatzak 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeen ondoren izan zuen eginkizuna nabarmendu nahi dugu. Era berean, Zumaiako, Euskadiko eta euskal gizarte osoaren historian berebiziko garrantzia izan zuen garai baten, Bigarren Errepublikaren, memoria historikoa osotasunean berreskuratzeko, aztertzeko eta ezagutarazteko beharra aldarrikatzen dugu.
Udal hauteskunde horien ondorioz, sei zinegotzi jeltzalez eta CRS (Conjunción Republicano-Socialista) alderdiko bost ordezkariz osatutako udalbatza eratu zen. Victoriano Arrate Loyola EAJko ordezkariak hartu zuen Zumaiako alkate kargua.
Zumaiako Udalbatza honako ordezkari hauek osatu zuten:
● Victoriano Arrate Loyola (EAJ-PNV, alkatea)
● Juan Arratibel Larrañaga (CRS)
● León Esnal Alberdi (EAJ-PNV)
● Martín Elorriaga Gómez (EAJ-PNV)
● Gabriel Betondo Osteche (EAJ-PNV)
● Zacarías Arrizabalaga Urdampilleta (CRS)
● Sotero Azpeitia Orbegozo (CRS)
● Eduardo Zubia Egaña (CRS)
● Alejandro Lartigue Larrañaga (EAJ-PNV)
● Manuel Urruzuno Arrizabalaga (CRS)
● Benigno Arrieta Larrañaga (EAJ-PNV)
1931ko apirilaren 15ean, udal hauteskundeen ondoren, Zumaiako Udal berria eratu zen. Egun berean, udal ordezkariek Euskal Errepublika aldarrikatzeko eta beste errepublikekin konfederazio bat osatzeko eskaera babestu zuten. Erabaki horrek Zumaiak garai hartan autogobernuaren, euskal askatasunen eta herriaren borondate politikoaren alde erakutsi zuen konpromisoa agerian uzten du.
Autogobernuaren aldeko konpromiso horrek jarraipena izan zuen hurrengo urteetan. 1931n Zumaiako Udala Estellako Estatutuaren alde agertu zen, eta 1932an prozesua berriz abiatu zenean ere babesa eman zion. Gainera, 1933ko plebiszituan Estatutuak gehiengo zabalaren babesa jaso zuen Zumaian.
Beharrezkotzat jotzen dugu, halaber, Zumaiak 1936ko irailean, herria frankistek okupatu aurretik, izan zuen papera gogoratzea. Irailaren 13tik 21era bitartean, Zumaiak Gipuzkoako Defentsa Batzordearen egoitza hartu zuen, eta egun haietan garrantzia politiko handiko gune bihurtu zen. Batzorde horren Zumaiako azken bileretako batean, gainera, Eusko Jaurlaritzaren sorrera defendatu zuten. Handik aste gutxira, 1936ko urriaren 7an, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zuten, Jose Antonio Agirre lehendakari izendatuta.
1936ko irailaren 21ean tropa frankistak Zumaiara sartu zirenean, 1931ko hauteskundeetatik sortutako udalbatzako kide guztiak erbestera joatera behartu zituzten. Derrigorrezko erbeste horretan, Victoriano Arrate alkateak Zumaiako alkatetzaren zilegitasun demokratikoaren ordezkaritza sinbolikoa mantendu zuen Bilboko Sabin Etxean, EAJren egoitzan.
Emakumeei aitortza
Zumaiako Bigarren Errepublikaren memoria ezin da soilik erakundeen ikuspegitik ulertu. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dugu Zumaiako Emakume Abertzaleen Batzako emakumeen ekarpena aitortzea. Emakume haiek bizitza publikoan parte hartu zuten, kultur eta gizarte jarduerak sustatu zituzten, beharra zuten pertsonei lagundu zieten eta euskararen zein gure tradizioen alde lan egin zuten. Gainera, 1933an emakumeek lehen aldiz bozkatzeko eskubidea baliatu ahal izan zuten, aurrerapauso historiko garrantzitsua emanez.
1931 eta 1936 artean, euskal mugimendu nazionalistak presentzia nabarmena izan zuen Zumaiako bizitza ekonomiko eta sozialean, bereziki ontzigintzaren sektorean. Langileen interesak antolatu eta defendatzeko, 1933an ELA sindikatua sortu zuten. Urte berean, Euzko Nekazarien Bazkuna ere eratu zuten, herriko baserritarrak batzeko eta haien arteko harremanak sendotzeko asmoz.
Udalbatza hura eta Bigarren Errepublika garaia gogoratzea une erabakigarri batean ardura publikoak hartu eta demokraziaren, autogobernuaren zein euskal askatasunen alde lan egin zuen belaunaldi baten ekarpena aitortzea da. Horregatik, Zumaiako memoria historikoak garai hartako gertakari eta protagonista nagusiak jaso behar dituela deritzogu, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek herriak eta bere udalbatzak Bigarren Errepublikan izan zuten eginkizuna ezagutu dezaten.