Gogorarazi nahi dugu Udalak 2023an Erkibe tokiko produktuen merkatu bihurtzeko aurreproiektua landu zuela, baina egitasmoa gauzatzeko beharrezko finantzaketarik lortu ez zuenez, proiektua geldirik geratu zela. Aurrekari horiek erakusten dute udal gobernuak 2023az geroztik eraikinari erabilera jakin bat emateko asmoa zuela, eta horrek zalantzak sortzen dizkigu orain planteatutako parte-hartze prozesuaren benetako irismenaren inguruan.
Herritarren parte-hartzeak proposamenak entzun, aukera desberdinak alderatu eta horien artean erabakitzeko balio behar du. Horregatik, udal gobernuak argi azaldu behar du zer dagoen benetan herritarren erabakimenaren esku eta zer irizpide erabiliko diren Erkiberen etorkizuna erabakitzeko.
Elikagunearen helburuekin bat egiten dugu, eta bertako produktuak, lehen sektorea eta gertuko kontsumoa sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Hala ere, Elikaguneak beste kokapen batzuk izan ditzakeela uste dugu, Erkibe haur eta familien beharrei erantzuteko erabil dadin. Beheko plaza, Erkibe eta Zuloaga plaza osorik birgaitzeko proposamenaren barruan, ludoteka bat sortzea aukera egokia da: haurrei jolasteko eta harremanak egiteko espazio estali eta irisgarria eskainiko lieke urte osoan, eta familien arteko harremanak zein herriko bizitza soziala indartuko lituzke.
Horregatik, udal gobernuari eskatzen diogu Erkiberen etorkizuna Beheko plazaren eta inguruaren ikuspegi integral batetik lantzeko, erabilera aukerak modu irekian aztertuz eta Zumaiaren egungo zein etorkizuneko beharrak kontuan hartuz.
Ez dugu bertako produktuen sustapenaren eta familien beharrak asetzeko apustuaren artean aukeratu nahi: bi egitasmoak beharrezkoak eta bateragarriak izan daitezke, baina bakoitza herriko zein tokitan garatzea den egokiena aztertu behar da. Erkiberen etorkizuna ez litzateke aurrez zehaztutako erabaki baten ondorio izan behar, Zumaiaren beharrak eta herritarren proposamenak kontuan hartuko dituen hausnarketa ireki baten emaitza baizik.