Udal eta foru hauteskundeak 2027

Xabier Odriozola izango da Zumaiako EAJren alkategaia, herrian aro berri bati ekiteko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea

Xabier Odriozola. (EAJ)

Lau urtez oposizioko zinegotzi izan ostean, EAJren proiektu politikoaren buru izateko erronka bere gain hartu du Odriozolak. "Nolako Zumaia nahi dugu biharko?" galdetuta, herriaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzera gonbidatu ditu hark herritarrak. 

Zumaiako EAJk Xabier Odriozola izendatu du 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai. Lau urtez oposizioan zinegotzi aritu ondoren, alderdiaren proiektu politikoaren buru izateko erronka bere gain hartzea erabaki du Odriozolak, herrian aro berri bati ekiteko asmoz. Odriozolak "ilusioz" hartu du ardura berria, Zumaiak aurrera egiteko eta herriak dituen erronkei ideia berriekin eta herritarrengandik hurbil dagoen politika egiteko moduarekin erantzuteko gaitasuna duela sinetsita.

"Nolako Zumaia nahi dugu biharko?", galdetuta herriaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzera gonbidatu ditu hark herritarrak. Izan ere, hautagaiaren ustez, gaur hartzen diren erabakiek baldintzatuko dute Zumaiak datozen urteetan izango duen bilakaera: "Erronka garrantzitsuak ditugu aurrean, eta iritsi dela Zumaia hobea eraikitzeko lan egiteko unea". Etxebizitza, kirol instalazioak, kaleen eta auzoen egoera eta aparkaleku arazoak izan ditu hizpide, besteak beste.

Esperientzia eta konpromisoa

Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da Odriozola, eta gaur egun, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Zumaiako gizarte, kirol eta kultur bizitzarekin ere lotura estua izan du: eskola kiroleko koordinatzaile aritu da, Zumaiako Musika Bandako eta txarangako kide izan da, eta Zumaiako Futbol Taldean jokalari eta entrenatzaile ere aritu da.

Bi alabaren aita da, eta Zumaian ditu sustraiak, baita familia, lan eta gizarte bizitza ere. "Nire bizitza eta Zumaia beti egon dira estu lotuta. Hemen ditut familia, lagunak eta kuadrilla. Zumaia nire etxea da, eta hemen jarraitu nahi dut nire familiaren etorkizuna eraikitzen", azaldu du.

Lotura pertsonal eta sozial horri Zumaiako Udalean EAJren zinegotzi gisa azken lau urteetan pilatutako esperientzia gehitu behar zaio. Izan ere, ardura horri esker, udalaren funtzionamendua, herritarren beharrak eta herriak aurrean dituen erronka nagusiak gertutik ezagutzeko aukera izan du. Esperientzia horretatik abiatuta, "herritarrekin harreman zuzena izatearen, elkarrizketaren eta irtenbide partekatuak bilatzearen" garrantzia aldarrikatu du, udal politika ulertzeko duen moduaren oinarri gisa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide