Asteburu bete baten ondoren, Eguberrietan ere atsedenik ez

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2017ko abe. 27a, 09:41

Larunbat-igandez izan zituzten lasterketak Donostiako belodromoan Viveros San Antongo txirrindulariek. Larunbatean, Challengeko 5. jardunaldian, emaitzarik onena Aitor Agirrek lortu zuen: tempo proban 10. Sailkatu zen. Baina, taldeko guztien lana nabarmendu behar da, tempon bezala, puntuaketan ere aurpegia eman baitzuten. 

Lan txukuna egiten ari dira lau kadeteak. Hiru, gainera, lehen urtekoak izanik meritu handia du egiten ari direna, ausart korritzen baitute. Sailkapen nagusian ondoen kokatuta Kimetz Etxabe dago, 7. tokian.

Lau jardunaldi falta dira Challengea bukatzeko. Larunbat honetan scratcha eta puntuaketa lasterketetan lehiatu beharko dute Kimetz Etxabek, Aitor Agirrek, Roman Zabaletak eta Mikel Mancisidorrek; Aurrekoan gaixorik egon eta asteburu honetan lasterketetara itzuliko den Antton Tolosak beste hainbeste proba izango ditu.

Joan den igandean, berriz, Gipuzkoako kopan parte hartu zuten. Taldeka jokatzen da eta 15 parte hartzailetik 6. sailkatu ziren Viveros San Antongo ziklistak. Inoiz korritu gabeko lasterketak jokatu zituzten: keirin, taldekako abiadura, taldekako jazarpena, banakako jazarpena… Lanak taldean banatu eta txukun ibili ziren, nabarmenduz Kimetz Etxabe keirineko finalerako sailkatu zela. Errege biharamunean jokatuko da bigarren jardunaldia, non egun duten 6. postua ontzen saiatuko diren. Hori bai esperientzia aberasgarria izan zen txirrindulari gazte hauentzat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide