Kadete mailan lehenengoz onenen txandan korritu zuten taldeko lau kideek eta onenen artean maila oso ona eman zuten guztiek. Puntuaketan ikusgarria izan zen Aitor Agirreren lasterketa. Garaipenetik puntu batera sailkatu zen, 3. tokian. Kimetz Etxabek 9. amaitu zuen, Roman Zabaleta 12.a izan zen eta Mikel Mancisidor 23.a.
Kadete mailako 28 txirrindularirik onenak batera lehiatu ziren, B mailan beste horrenbeste txirrindulari lehiatuz. Mancisidorrentzat lehenengo aldia zen onenen artean eta nabarmendu behar da B mailako lasterketetan baino askoz ere hobeto ibili zela onenen artean, nahiz eta zailagoa izan. Kimetz Etxabek ohiko maila eman zuen eta Roman Zabaleta argi ibili zen, indarrak bukaerarako gordeaz. Bakarrik saiatu zen, baina ez zuen etekinik atera. Aitor Agirreren lasterketa itzela izan zen, erdia bakarrik egin baitzuen ihesita; paliza handia hartu arren, indarrak ondo neurtu zituen, hustu gabe, eta kemena izan zuen behin pelotoian irentsita buruan borrokan segitzeko. Lortutako puntuekin sailkapen nagusian urrats handia eman du.
Scratchean Kimetz Etxabe arriskatu zen, ausart jokatu zuen eta ordaindu bukaeran. Roman Zabaleta 13. sailkatu zen, Aitor Agirre 17., Mikel Mancisidor 20., eta Kimetz Etxabe 22.
Hiru jardunaldi faltan, Viveros San Antongo lau txirrindularietatik hiru 15ean dira. Kimetz Etxabe 8.a da, Aitor Agirre 9.a, Roman Zabaleta 14.a eta Mikel Mancisidor 31.a. Parte hartzaileen marka guztiak ontzen ari dira aurten, guztira kadeteetan 79 txirrindulari daude sailkapenean.
Junior mailan, B lasterketetan lehiatu zen Antton Tolosa. Zumaiarrak aurreko asteburua gastroenteritisarekin pasa, eta gorputza oraindik ere egurtuta izan arren, oso lasterketa politak egin zituen. 11. sailkatu zen scratchean eta beste hainbeste puntuaketan. Karrera honetan, gainera, ihesaldi ona ere harrapatu zuen. Sailkapen nagusian 32. tokian da Viveros San Antongo junior bakarra. Guztira 57 txirrindulari daude.
Viveros San antongo txirrindulariek atsedenik ez dute, gaur bertan urtea agurtzeko beste saio bat izango dute Antonio Elortza belodromoan, 15.30etik aurrera. Gaur tempo eta puntuaketa lasterketak jokatuko dira.
Hemendik Zumaiako Txirrindulari Elkarteak Urte Berri on ona opa dizue guztiei eta gonbitea luzatu txirrindularitzarako, 2018 urtea ona izan daiteke, aukera egin eta kirol zoragarri hau praktikatzeko. URTE BERRI ON.