Viveros San Antonek garaipenarekin agurtu du 2017a

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko urt. 6a, 10:01

Roman Zabaletak, lehen urteko kadeteak eman dio Viveros San Antoni denboraldiko lehen garaipena, aurreko larunbatean jokatutako Bioracer challengeko Tempo lasterketan.

Lasterketa hasi bezain pronto taldetik ihes egin zuen Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklista gazteak, lau puntuaketa eskuratu eta oso zaila jarri zitzaien faboritoei azken garaipena; Zabaletak indarrak kudeatu eta hustuta amaitu zuen arren, lortu zuen helmugara heltzea denboraldiko lehen garaipena lortuaz.

Roman Zabaletak irabazteko atzean kontrol lana ederki egin zuten taldekideek. Hauek, ondoren, puntuaketan lan ona egin zuten, behin eta berriz saiatuaz ihes egiten eta puntuak hartzen; nabarmentzekoa izan zen Mikel Mancisidorren ahalegina, orian arteko lasterketarik onena eginez.

Aurreko jardunaldietan bezala, Kimetz Etxabek eta Aitor Agirrek, beste behin, aurpegia eman zuten, nahiz eta uztarik ez jaso; baina, adibidez, Aitor Agirreren lanak aitortza izan du, igandean gipuzkoako selekzioarekin Bordelen korrituko baitu. Aitor Agirre ilusioz beterik dago, kadete mailako lehen denboraldian eta pistan bi hilabete daramatzanean hemendik kanpo korritzeko aukera izatea saririk onena baita. Aitor Agirreren falta nabarituko dute taldekideek igandean Gipuzkoako kopako bigarren jardunaldian lau ez, hiru txirrindularirekin leihatuko baita Viveros San Anton.

Jubenil mailan, beste behin, Antton Tolosak lan txukuna egin zuen eta jardunaldiz jardunaldi erakusten ari da urratsak ematen ari dela estreinatu berri duen mailara egokitzeko. Antton Tolosak Gipuzkoako Kopan zarauztarrekin eta goierritarrekin osatutako talde mixtoan parte hartuko du. 2018a hastera doa Viveros San anton-Zumaiako txirrindulari elkartearentzat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide