Pistako azken txanpa

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko urt. 12a, 11:59

Argazkia: Martin Early

Viveros San Anton txirrindulari taldeko kideentzat pistako denboraldiko azken txanpa hastera doa. Bi jardunaldi falta dira Bioracer Challengea bukatzeko eta horren ondoren Gipuzkoako txapelketa jokatuko da, urtarrilaren 27an. Honela amaituko da pistako denboraldia eta errepideari begira jarriko dira gure txirrindulariak.

8. jardunaldia larunbatean, urtarrilaren 13an, jokatuko da; egoera onean ailegatu dira Viveros San Antongo txirrindulariak: hamabi lehenengoetan hiru daude. Viveros San Antongo txirrindularietatik Roman Zabaleta da aurrena, 8. dago sailkapenean aurrekoan tempo lasterketa irabazi ondoren. Kimetz Etxabek azken jardunaldietan ez du punturik jaso eta atzeratu egin da sailkapenean; Aitor Agirrek eutsi egiten dio.

Aurreko asteburuan, Gipuzkoako Kopan, 7. sailkatu zen Viveros San Anton kadete mailan. Aitor Agirrek Bordelen lehiatu zuen Gipuzkoako selekzioarekin, 6. sailkatuz. Baina, bere hutsunea nabaritu zen, lauko taldea izan beharrean, hiru txirrindularirekin lehiatu zirelako. Lan txukuna egin zuten Kimetz Etxabek, Roman Zabaletak eta Mikel Mancisidorrek. Kimetz Etxabe 7. sailkatu zen 500 metroetan, 15. tempon, 7. keirinen. Roman Zabaleta 6.a izan zen daniarrean eta Mikel mancisidor 12. tempon eta 21. daniarrean. Taldekako abiaduran 8. sailkatu zen Viveros San Antongo hirukotea eta 7. taldekako jazarpenean.

Antton Tolosak, jubenil mailan, bigarren amaitu zuen bere taldearekin: zarauztar eta goierritarrekin osatutako talde mixtoa izan zen. 11. sailkatu zen tempon eta 15. daniarrean; taldekako abiaduran, berriz, 6.

Kopa ahaztu eta 8. jardunaldiari ekiteko gogoz dira Viveros San Antongo txirrindulariak. Goizeko 9.30ean hasiko dira lasterketak: Junior mailan Antton Tolosa 30.a da eta kadete mailan Roman Zabaleta 8, Kimetz Etxabe 11, Aitor Agirre 12 eta Mikel Mancisidor 30.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide