Gipuzkoako txapelketekin bukatuko da pistako denboraldia Viveros San Antonentzat

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko urt. 23a, 15:19

Bikain bukatu dute Viveros San Antongo kadeteek eta jubenilek Bioracer Challengea. Bederatzi jardunaldi izan dira eta bukaeran, kadete mailan, seigarren tokian bukatu du Aitor Agirrek, Kimetz etxabe 10. sailkatu da, ondoren, 13., Roman Zabaleta, eta 27. Mikel Mancisidor. Guztira 82 txirrindularik parte hartu dute Challengean. Jubeniletan, berriz Antton Tolosak, 23. amaitu du. Maila honetan 60 izan dira parte hartu dutenak guztira.

Azken jardunaldian, jubeniletan, orain arteko lasterketarik onenak egin zituen Antton Tolosak. Tempo lasterketan seigarren sailkatu zen, onenekin buruz buru lehiatuta. Puntuaketa saioan ere aurpegia eman zuen, baina puntutxuren bat hartzea falta izan zitzaion; ez da sprinta bere dohain preziatuena, eta 16. bukatzea lortu zuen.

Kadeteetan, berriz ere Viveros San Antongo txirrindulariek maillota ederki erakutsi zuten: Aitor Agirre scratchean zazpigarren sailkatu zen eta puntuaketan, berriz, hirugarrena izan zen. Lagungarri izan zuen Kimetz Etxaberen lana. Honek bi lasterketak 12. postuan amaitu zituen eta, berriz ere bere gorakada erakutsiz, Mikel Mancisidor 18. sailkatu zen scratchean eta 17. puntuaketan. Roman Zabaletak ez zuen parte hartu.

Larunbatean, goiz eta arratsaldez izango dira lasterketak Donostiako belodromoan. Omniumean jokatuko dira txapelketok eta proba olinpikoko lau lasterketa osagaiak lehiatu beharko dira Gipuzkoako txapelketak erabakitzeko. Goizean, 10.30etatik aurrera, scratcha eta tempo jokatuko dira; arratsaldean, 16.00etatik aurrera, kanporaketa eta puntuaketa. Gipuzkoako txapelketen aurrean ilusioz beterik dira Viveros San Anton–Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistak eta dominen borrokan sar daitezkeela sinistuta, arriskatzeko asmoa ere badute

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide