Maila onean Viveros San Antongo gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko mar. 9a, 13:24

Antton Tolosa jubenila

Atsedenik gabe, denboraldia hasi eta aurrerantzean astebururo izango dituzte lasterketak Viveros San Antongo txirrindulariek. Aurreko asteburuan, erorikoak eroriko, berriz ere maila ona eman dute zumaiako txirrindulari elkarteko gaztetxoek.

Txikienek Errenterian izan zuten lasterketa larunbatean. Alebinen eta Infantilen artean 103 txirrindulari elkartu ziren, txirrindulari izateko oinarrizko ikasgaiak irensten.  Alebin mailan 53 parte hartzaileren artean Yuri Urbieta 4. sailkatu zen, Lizar Tolosa 13., Danel Beristain 14., Beñat Sainz 18., Manex Beristain 26., Xabat Bergara 32., Zuhaitz Valero 37., Kepa Urbieta 44. eta Hedoi Mateos 50. Aiatz Aldazabalek ez zuen parte hartzerik izan eta minez segitzen dute Anuk Gojenolak, Ihintza Gartzairenak eta Iker Eizagirrek.

Infantiletan Maddi Etxabe 2. sailkatu zen nesketan. Garazi Bergarak ezin izan zuen amaitu, erori eta min hartu baitzuen. Erietxera eraman zuten, eta kolpeak eta zauriak zituela ikusi arren, zorionez, ezer larririk ez zuen izan. Mutiletan Aritz Eizagirre ere erori egin zen eta ezin izan zion lasterketa on bati errematea eman. Heiko Mateosek ederki bukatu zuen 19. Tokian. 50 parte hartzaile izan ziren. Aste honetan MTB lasterketa izango dute Oiartzunen.

Kadeteek Beasainen izan zuten hitzordua. 50 kmko lasterketa, non Olaberriako gainak erabaki zuen karreraren garapena eta azken emaitza. Mikel Mancisidor, lasterketa erdian eta pelotoi buruan zela, erori eta erretiratu beharrean izan zen. Zauriak eta kolpeak zituen, baina bizikleta berak ere ez zion aukerarik eskaini jarraitzeko. Olaberriako malkar pikoa gainditu eta Beasaingo helmugan Kimetz Etxabe 11. sailkatu zen eta Ander Altuna 23.  Aitor Agirre, lesionatuta, ez zen parte hartzaileen artean izan eta Roman Zabaletak ezin izan zuen Beasainera joan beste eginbehar batzuek zituelako. Larunbat honetan Elgoibarren dute kadeteek karrera. Ibilbide gorabeheratsua Soraluze eta Osintxuko repetxoekin, baina bukaera dute gogorra, Mintxetako malda tentean baitago helmugako pankarta jarrita.

Jubeniletan Antton Tolosak Errenterian izan zuen lasterketa igande arratsaldez. 146 txirrindulari irteeran Euskal Herriko txoko guztietako ordezkariekin. Mendate handirik ez zuen izan 77 kmko ibilbideak, baina etengabeko gora eta behera  da errepidearen ezaugarria. Kanporaketa lasterketa izan zen eta 40 txirrindulari inguru bukatu ezinda gelditu ziren. Antton Tolosa pelotoian helmugaratu zen, 51. postuan. Buruz ondo jokatu zuen eta hankek erantzun zieten, lehen urteko jubenila bait da. Datorren igandean Donostiako Egia auzoan izango du lasterketa, klasika itxurako karrera da Egiakoa.

Bestalde Aitor Olaziregik, Ampoko txirrindulari zumaiarrak, aurreko asteburuan ez zuen lasterketarik izan baina datorren honetan Murtziako Alcantarilla herrian jokatuko du Espainiako Kopako lasterketa. Oso ibilbide malkartsuan, 148 km-ko lasterketa izango du Estatu espainiarreko afizionaturik onenekin leihatuz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide