Garazi Bergara eta Asier Aizpurua, podiumean Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko api. 19a, 14:29

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek olatuaren aparrean segitzen dute. Garazi Bergara beste behin ere onena izan da infantil mailan, eta Asier Aizpurua alebinetan podiumera igo da. Kadete mailan azken emaitza hobea izan zitekeen arren, Viveros San Antongo txirrindulariak izan ziren Zumaian aurpegia gehien eman zutenak eta pelotoian egoera zaildu zenean ardura hartu zutenak.

Donostian izan zuten bilgunea alebinek eta infantilek aurreko larunbatean.  Alebinetan 50 parte hartzaile izan ziren, benetan kopuru handia, eta balio handia eman behar zaio Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoek egindakoari. Asier Aizpurua 3. sailkatu zen, Danel Beristain 4., eta 10 lehenengoetan beste hiru txirrindulari ere helmugaratu ziren: 7. Manex Beristain, 8. Anuk Gogenola eta 10. Yuri Urbieta. Taldeko beste alebinek ere  lan ona egin zuten: 19. Beñat Sainz, 22. Zuhaitz Valero, 23. Iker Eizagirre, 26. Xabat Bergara, 36 kepa Urbieta, 38. Hedoi Mateos. Lizar Tolosa beroketan ez zen ondo sentitu eta azkenean parte hartu gabe gelditu zen.

Infantiletan 55 txirrindulari lehiatu ziren, aspaldiko kopururik handiena, eta mutilen tartean, beste behin, Garazi Bergara. Lehen urteko infantila izan arren, duen gaitasuna erakutsi zuen; nesketan onena izan zen. Mutilen artean Heiko Mateos 12. sailkatu zen, eta 16.a izan zen Aritz Eizagirre.

Aipatzekoa da orain arte Zumaiako Txirrindulari Elkartean ibili den Maddi Etxabe oikiarrak Zarauzko elkartera joateko hautu pertsonala egin duela.

Larunbat honetan Aizarnazabalen izango dute hitzordua, bertako betiko zirkuitu labur eta exijentean.

Kadeteak Zumaian

Kadeteek Zumaian, etxean, korritu zuten presentzia handia izanez lasterketan. Gure txirrindularien alde esan behar da Viveros San Antongo guztiak, gainera, behin eta berriz saiatu zirela ihesten, eta ihesaldia bertan behera uzteko ahalegintzen baina ez zuten beste talde batzuen lankidetzarik topatu, batzuek nahiago baitute gurpilera joan eta amaieran postutxo bat lortu sailkapenean. Ez da hori Viveros San Antonen helburua, ziklismoa beste era batera ulertzen baitugu eta hori da erakutsi nahi duguna.  57 kmko ibilbidean askotan saiatu ziren Viveros San Antongo txirrindulariak eta azkenean ordaindu egin zuten. Baina, postuak baino gehiago jarrera bikaina nabarmendu behar da. Helmugan Valladolidetik etorritako bi txirrindulari ailegatu ziren lehen tokietan, eta laugarren posturako lehian helmugaratu zen 27ko pelotoian ZTEko hiru ziklista heldu ziren: 13.a izan zen Ander Altuna, 15. Kimetz Etxabe eta 24 Aitor Agirre. Bigarren multzo batean sartu zen, 34. postuan, Mikel Mancisidor. Roman Zabaletak ez zuen amaitu gaixorik abiatu baitzen.

Larunbatean Seguran izango dute lasterketa, amaieran Lierniko malda gainditu beharko dutelarik.

Jubenilak Deban

Jubeniletan Deban izan zuen lasterketa Antton Tolosak eta denboraldiko egunik txarrena izan zuen; gorputzaldiak ez zion lagundu eta ez zuen lasterketa amaitzerik izan. Igandean oso karrera gogorra izango du zumaiar gazteak, Gipuzkoako klasikan parte hartuko baitu: 108 km eta ibilbide oso gorabeheratsua, non estatu espainoleko juniorrik onenekin lehiatu beharko duen. Azpeitian jokatuko da jubenil mailako lasterketa garrantzitsu hau, igandean goizeko 10.30etik aurrera.

Aitor Olaziregi, Ampoko txirrindulari zumaiarrak, Espainiako kopan lehiatzen segitzen du. Jaengo Torredonjimeno herrian ez zuen karrera amaitzerik izan; asteburu honetan berriz ere Esapiniako afizionaturik onenekin lehiatuko da, Valentziako lurretan. Oraingoan Monparler klasikoa korrituko du, taldearentzat lan ona egitea helburu hartuta. 165 kmko karrera gogorra da, 30 kmko esterratoarekin eta 4 mendate handirekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide