Kadeteak top10ean bigarren Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko mai. 11a, 13:44

Viveros San Anton–Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kadeteak podiuma zapaltzeko zorian izan ziren Zarautzen. Denboraldiko lasterketarik azkarrena izan zen, bataz beste orduko 40 km-ko abiaduran egin zituzten lasterketako 51 kilometroak.

Esprintean bukatu zen eta Kimetz Etxabe 4. sailkatu zen, 9. Ander Altuna, 20. Roman Zabaleta, 30. Aitor Agirre eta 60. Mikel Mancisidor. Parte hartu zuten 16 taldeetatik, bigarren sailkatu zen, lehenengo talde gipuzkoarra izanez, gainera, Viveros San Anton. Benetan lasterketa bikaina egin zuten bost taldekideek eta ilusioz beterik ekingo diote igande arratsaldean Abadiñon jokatuko den Gaztetxoak torneoko lasterketari, bertan Euskal Herri osoko kadete mailako txirrindulariak lehiatuko dira.

Junior mailan bi lasterketa izan zituen Antton Tolosak eta bietan maila bikaina eman zuen, kontutan izanda da lehen urtekoa dela. Lazkaomendin bukatutako 80 kmko karreran eguneko ihesaldian izan zen Antton, bakarrik aurrena, taldetxoan ondoren. Baina 41 kilometro orduko abiadurarekin, eta Olaberriako gainak eta Lazkaomendiko malda tenteak sailkapena erabaki zuten. Antton Tolosa 73. izan zen helmugan. Gorputzaldiari buelta behar den bezala eman eta igandean Seguran izan zuten jubenilek lasterketa. 80 kilometro hor ere eta ibilbidean Lierniko malda hiru aldiz gainditu beharra; ondo erantzun zuen Viveros San Antongo zumaiarrak 33. sailkatuz. Igandean ere bizi-bizi ibili ziren txirrindulariak, abiaduraren bataz bestekoa 40,385 kilometro ordukoa izan zen. Igande honetan Zangotzan du Euskalerria torneoko lasterketa Antton Tolosak.

Alebin eta infantilek taldekako erlojuaren aurkakoa izan zuten, eta bertan Gipuzkoako tituluak banatu ziren. Alebin mailan txokolatezko domina lortu zuten, laugarren sailkatu baitziren Danel Beristain, Anuk Gogenola, Beñat Sainz eta Lizar Tolosa. Zumaiako beste taldeak, Asier Aizpuruak, Yuri Urbietak, Iker Eizagirrek eta Manex Beristainek osatutakoak, zazpigarren amaitu zuen, eta Zumaiako hirugarren taldeak 19. bukatu zuen. Talde hau Hedoi Mateosek, Kepa Urbietak, Xabat Bergarak eta Zuhaitz Valerok osatu zuten. Guztira alebin mailako 28 taldek parte hartu zuten Irunen jokatutako taldekako erlojuaren aurkakoan. Infantil mailan, 25 taldetatik Zumaia zortzigarren sailkatu zen; hiru txirrindulari izan ziren taldeko koloreak defendatzen: Garazi Bergara, Aritz Eizagirre eta Heiko Mateos. Taldekako erlojuaren aurkakoa oso lasterketa tekniko eta gogorra da eta benetan oso oso maila ona eman zuten guztiek. Etorkizuna badago!

Asteburu honetan Zarautzen errepideko Gipuzkoako txapelketak izango dituzte alebinek eta infantilek; denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenak ari dira jokatzen.

Afizionatu mailan, Aitor Olaziregik osasun arazoekin segitzen du, baina, egoskor arazoak gainditu nahian, Urrakin taldearentzat lana egitea tokatu zitzaioan eta asteburu honetan Ampoko txirrindulari zumaiarrak Espainiako kopako azken lasterketan parte hartuko du. Bertan 23 urtez azpikoetan lehen euskalduna den Xabi Murgiondo taldekidearentzat lana egitea izango da bere eginbeharra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide