Garazi Bergara Gipuzkoako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko mai. 17a, 10:14

Infantil mailan lehen urtea izan arren Garazi Bergara oso-oso itxura ona eskaintzen ari da txirrindularitzan. Zarautzen jokatutako Gipuzkoako txapelketan, aurrena sailkatu zen Gipuzkoako tituloa bereganatuz.

Mutiletan, Danel Beristain denboraldiko azken txanpara pedal kolpe oso onarekin heltzen ari da, eta Gipuzkoako alebin guztiek batera lehiatutako lasterketa bakarrean laugarren sailkatu zen, podiuma hatz puntaz ukituaz. Alebin mailan Anuk Gojenolak ere oso oso maila ona eman zuen lasterketa lehiakor eta azkar batean zazpigarren bukatuz. Finalerako sailkatutako Zumaiako Txirrindulari Elkarteko beste txirrindulariak Asier Aizpurua (11), Yuri Urbieta (19), Manex Beristain (21), Beñat Sainz (36) eta Lizar Tolosa (37) izan ziren. Iker Eizagirre, Hedoi Mateos, Xabat Bergara eta Kepa Urbieta ez ziren azken lasterketarako sailkatu; txanda bakoitzean 15 lehenek bakarrik lortu zuten finalerako sailkatzea. Finala 45 txirrindulariz osatutako pelotoi sendoarekin jokatu zen.

Alebin nesketan Intza Gartziarena 11. sailkatu zen eta Araitz Aldazabalek eroriko baten ondoren ez zuen lasterketa bukatzerik izan.

Infantil mutil mailan Aritz Eizagirrek lortu zuen finalerako txartela bere txanda irabazita, gainera; finalean 16. sailkatu zen. Heiko Mateosek lasterketa ona egin zuen eta esan daiteke finalerako atea mutur aurrean itxi zitzaiola, 17.a izan baitzen bere sailkatze txandan.

Asteburu honetan irunen izango dute alebin eta infantilek lasterketa.

Viveros San Antongo kadeteek Abadiñon korritu zuten Gaztetxoak torneoko lasterketa. Euskal Herri osoko txirrindularien artean maila izugarrian lehiatu ziren. Lehen urtekoek eta bigarren urteko kadeteek aparte korritu zuten.

87 txirrindularik bukatu zuten lasterketa lehen urtekoen artean, eta 15 lehenengoetan hiru sailkatu ziren. 11. Aitor Agirre, 14. Kimetz Etxabe eta 15. Ander Altuna. Roman Zabaletak 31. Bukatu zuen lasterketa. Taldeka Euskal Herriko 17 taldeetatik 4.a izan zen Viveros San Anton. Bigarren urtekoen lasterketa 73 txirrindularik bukatu zuten eta Mikel Mancisidor zumaiarrak 67. bukatu zuen, azken unean lehen pelotoiko txirrindulariekin batasuna galdu ostean. Goiuriko maldek eman zuten epaia. Datorren igandean, Gipuzkoako lurretan, Eibarren dute kadeteek lasterketa.

Jubeniletan Antton Tolosak ere Euskal Herri osoko jubenilekin lehiatu zen. Zangotzan korritu zuen igandean: 143 txirrindulari irteeran eta 64k bakarrik bukatu zuten lasterketa. Oso azkar ibili ziren txirrindulariak, 42 km orduko abiaduran, bataz beste, eta Viveros San Antongo txirrindulariak 56. tokian zeharkatu zuen helmugako marra.  Asteburu honetan ez du lasterketarik zumaiarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide