Bizikletaren eguna dela eta, jubenilek eta gazteenek lasterketak izango dituzte etxean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko eka. 7a, 09:32

Argazkia: Martin Early

Larunbata egun berezia izango da Zumaian. Bizikleta eguna ospatuko da eta hori aitzakiatzat hartuta jubenilen karrera jokatuko da goizean eta arratsaldean, berriz, infantilena eta alebinena.

Aurreko asteburuan Viveros San Antongo kadeteak nabarmendu dira. Taldeka bigarren sailkatu ziren Lezoko lasterketan, lehen talde gipuzkoarra izanik. Banaka Roman Zabaletak laugarren amaitu zuen, podiumak oso gutxigatik ihes egin ziolarik. Eguneko ihesaldian sartu zen Roman Zabaleta. Sei txirrindulari heldu ziren beste guztien aurretik eta Viveros San Antongoa laugarren izan zen maldan gora amaitutako karreran. Beste taldekideek ere bikain erantzun zuten: Aitor Agirre 16., Kimetz Etxabe 18., Ander Altuna 21. eta Mikel Mancisidor 60. izan ziren. Lezoko lasterketa 54 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan jokatu zen eta parte hartu zuten 80 txirrindulariak bizi bizi ibili ziren ia orduko 40 kilometroko abiaduran. Asteburu honetan Lizarran eta Oñatin dituzte lasterketak kadeteek.

Antton Tolosak, Viveros San Antongo jubenil bakarrak, Anoetan izan zuen igande arratsaldean lasterketa. 92 kilometroko lasterketa izan zen, non amaieran Orendaingo eta Altzoko malda pikoak gainditu behar zituzten. Eta hori guztia ekaitzaren konpainian. 95 txirrindulari gerturatu ziren irteerara baina helmugara 43 besterik ez ziren heldu, eta horien guztien artean Antton Tolosa 33. izan zen. Viveros San Antongo txirrindularia behin eta berriz saiatu zen pelotoiaren agindupetik ihes egiten baina ez zuen ihesaldia gorpuztea lortu. Azkenean mendateek erabaki zuten lasterketa. Abiadura kontutan hartzekoa izan zen, 41,606 kilometro orduko. Oso bizkorra ibilbidea aintzakotzat hartuta.

Tolosa izango da zumaiar bakarra larunbat honetan Zumaian jokatuko den lasterketan. 91,5km ditu lasterketak eta ibilbidean, 54. kilometroan, Meaga, 77,5. kilometroan Garate, eta helmugarako 2,5 kilometro faltan Saskarate izango dira eguneko zailtasunak. Lasterketa 9.30ean hasiko da, azken orduan Gipuzkoako federaziotik egin den ordutegi aldaketagatik.

Larunbat arratsaldean, 18:00ak aldera, alebinen eta infantilen lasterketa izango da. Viveros San Antongo txikienen denboraldiko lasterketarik erakargarriena etxean korritzea beti izaten baita da berezia. Axular ibilbidean, Maria eta Jose ikastetxearen aurrean izango dute txikienek hasiera eta bukaera. Aurreko asteburuan mendiko bizikletekin lehiatu ziren Irunen.  Viveros San Antongo harrobiko ziklistek gozatu zuten, eta guztiek lasterketa amaitu ezin izan bazuten ere irribarretsu itzuli ziren etxera. Yuri Urbieta 7.a izan zen alebin mailan, 9. Danel Beristain, 16. Beñat Sainz, 19. Iker Eizagirre eta 20. Xabat Bergara. Infantiletan Aritz Eizagirre 10. eta Heiko Mateos 16.a izan ziren. Alebin eta Infantil maila bere azken lasterketetara gerturatzen ari da.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak dei egiten dizue zumaiarroi larunbatean gure lasterketetara hurbiltzeko, elkartea egiten ari den lana ikusgarri izango baita eta txirrindularitzarako zaletasuna sustatzea helburu hartuta, bultzada ona izango baita.  Gogoan hartu beharrekoa: 9.30ean jubenilen lasterketa, 18.00etan alebin eta infantilena.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide