Podiumean bukatu dute denboraldia Garazi Bergarak eta Anuk Gojenolak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko eka. 22a, 15:00

Amaitu da Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoenentzat errepideko denboraldia; guztientzat, Garazi Bergararentzat ezik. Lehen urteko infantil zumaiarrak uztaileko lehen asteburuan Euskadiko selekzioarekin Espainiako txapelketa jokatuko du Galizian.

Errepideko azken lasterketan ere Garazi Bergara nagusi izan zen, infantilen lasterketa 14. bukatuz. 40 parte hartzaile izan ziren Lezon eta mutilekin batera beste behin ederki defendatu zen. Heiko Mateosek oso karrera ona egin eta 8. bukatu zuen, eta 16. izan zen Aritz Eizagirre.

Alebinetan berriz denboraldi guztia podiumean sartzeko borrokan ibilita Anuk Gojenolak lortu zuen podiuma zapaltzea: 3. izan zen. Yuri Urbieta 5. izan zen, 8. Asier Aizpurua, 10. Danel Beristain, 14. Xabat Bergara, 15. Lizar Tolosa, 16. Beñat Sanz, 23. Manex Beristain, 24. Iker Eizagirre, 28. Hedoi Mateos eta 20. Kepa Urbieta. Pena Zuhaitz Valerok eroriko baten ondoren ezin amaitu izana lasterketa. Ihintza Gartziarena, berriz, 7. sailkatu zen neskatan. 40 parte hartzaile izan ziren guztira.

Igandean Pasaian Gipuzkoako MTB txapelketan parte hartu zuten alebinek. Anuk Gojenola izan zen onena Zumaiako ordezkaritzatik: 7. bukatu zuen Anukek, 10. Asier Aizpuruak, 11. Danel Beristainek, 16. Beñat Sanzek, 20. Lizar Tolosak eta 26. Manex Beristainek. Euriaren ondorioz ibilbidea oso zaila zegoen. Beraz, izugarrizko meritua du gaztetxoek egindako lanak, jaitsiera arriskutsuak ere izan zituzten eta.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak zoriondu nahi ditu alebin eta infantil mailan 2018 denboraldia osatu dutenei, lan bikaina egin dute eta eskerrak eman txirrindulari hauei laguntzen ibili diren guztiei, laguntza hori gabe ezinezkoa izango zen denboraldia osatzea.

Kadete mailan, Gipuzkoako txapelketen asteburua izan zuten Viveros San Antongoek. Zestoan ibilbide oso exijentean iraupeneko txapelketa jokatu zen. Lasterketa ona egin zuten Viveros San Antongoek: taldeka hirugarren amaitu zuten eta banaka onena Kimetz Etxabe izan zen; 9. amaitu zuen, 13. Roman Zabaletak, 14. Aitor Agirrek eta 54. Mikel Mancisidorrek. Honen alde esan behar da bere indarrak ahultzen ikusi zituenean taldearen alde azken esfortzua egin eta atzeratu zela. Bikaina, beraz, taldekide guztien jarrera. Larunbatean gastatutako indarrak berreskuratu eta igandean erlojuaren aurkako saioa izan zuten Bergaran. Oso gogorra izaten da banakako erlojuaren aurkakoa eta lehenengoa izateko ederki erantzun zuten. Aitor Agirrek bere rodadore gaitasuna erakutsi zuen eta zazpigarrena izan zen. Kimetz Etxabek sentsazioak bilatu ezin da 13. postu bikaina lortu zuen eta Roman Zabaletak 26. sailkatzea lortu zuen. Mikel Mancisidorrek ere nahi bezalako lasterketa ez egin arren 56. bukatu zuen. 6 kilometroko ibilbidea zuen erlojuaren aurkakoak.

Asteburu honetan, larunbatean, Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe Agurainera joango dira Gaztetxoak torneoko lasterketara.

Antton Tolosak ostiraletik astelehenera Gipuzkoako itzulian parte hartuko du. Viveros San Antongoa taldeko jubenil bakarra da eta zarauztarrekin egingo du bat Gipuzkoako itzulian. Bere bizitzako lehen itzuliari aurre egingo dio, beraz, zumaiar gazteak. Joan den igandean Eibarren Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuen eta lasterketa erdia baino gehiago pelotoi nagusian egin ostean Kalbarioko gainean piska bat atzeratu ondoren, Azkaraten larri ibili zen eta nahi baino atzeratuago heldu zen helmugara. Ilusioz dago hala ere Gipuzkoako itzuliari aurre egiteko.

Aitor Olaziregik amaiera eman behar izan dio bere kirol ibilbideari, osasunak ez bait dio laguntzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide