Txirrindulari kadeteak azken txanpan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko uzt. 19a, 11:14

Taldekako erlojupekoan aritutako txirrindulariak.

Errepideko txirrindulari kadeteen denboraldia azken txanpan dugu: larunbatean Ordizian korrituko dute eta hilaren 29an Azpeitian, eta bukatutzat emango dugu 2018ko denboraldia, nahiz eta abuztuan kriteriumen bat gelditu.

Aurreko asteburuan, taldekako erlojuaren aurkakoan podiumeko borrokan ibili arren, azkenean podiumetik kanpo gelditu ziren Viveros San Anton-Zumaiako T.E.ko kadeteak. Oñatiko Ulma taldeak irabazi zuen eta Viveros San Antoni 1:58 atera zion. Aitor Agirre, Roman Zabaleta, Mikel Mancisidorrek eta Kimetz Etxabek lan ona egin zuten, nahiz eta oraindik ere taldekako erlojupekoan asko izan ikasteko.

Hamabost talde izan ziren parte hartzen eta bosgarren denborarik onena egin zuten Legorretako helmugan. Berez laugarren beharko lukete, Irungo taldeak ez baitzuen ibilbideko arautegia bete; baina podiumeko postuak jokoan ez zeudenez, huts egitearen zigorra ez zen deskalifikazioa izan.

Larunbat honetan Ordizian amaiera gogorra izango dute, Amezketatik Larraitzera igo eta jaitsi ondoren zuzenean helmugara zuzenduko baitira txirrindulariak. Oroitzapen onak sortzen dizkio Viveros San Antoni lasterketa honek, bere garaian Gorka Etxabek garaipena lortu baitzuen. Ordizian, apendize ebakuntza gainditu ostean, Ander Altuna berriz ere dortsala jarri eta errepidean izango dugu. Beraz, taldeak kide guztiak izango ditu lehian, aspaldiko partez.

Jubeniletan EH torneoko beste lasterketa puntuagarri bat izan zuen igandean Aiegin Antton Tolosak, 73 txirrindularik bakarrik bukatu zuten lasterketa, parte hartutako erdiek gutxi gora behera, eta zumaiarra 65. sailkatu zen, ibiblibde gogorrari eta bero itoari aurre egin ostean. Helburuak betetzen ari da Antton Tolosa, aurki lasterketei dagokienez etentxoa izango du, baina asteburu honetan Mendiko kriteriuma jokatuko du; bi lasterketek osatzen dute kriteriuma, larunbatean Oñatin (Arantzazuko igoera, aurretik beste 70 km egin ostean) eta igandean Urretxun. Lasterketa hau prestigio handikoa da eta Euskal Herriko txirrindularirik onenak bertan izango dira.

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide