Ander Altuna lasartearrak bi lasterketa osatu ditu oso oso maila onean, Corralesen (Kantabrian) laugarren amaitu zuen lehen froga, eta podiumera igo zen bigarrenean, Urduñan. Joan den ostiralean, Pilarika egunean, Urduñan jokatu zen euskal egutegiko lehen lasterketa eta bertan garaipenetik gertu izan zen Altuna kadetea. Lan bikaina egin zuen eta irabazlearekin batera, parean heldu zen azken bihurgunera; handik helmugara ez zen ezer gelditzen eta metro horietan aurretik izan zen Aimar Erostarbe oñatiarra, Zumaiako Txirrindulari elkarteko ordezkaria menderatuz. Balantzea ona da eta konfiantza ere eman dio egindako lasterketak; lortutako emaitzak sinetsarazi dio aurrean ibili behar duela, garaipenaren borrokan ziklo kros denboraldi honetan.
Heiko Mateos heldu berria da kadeteera infantil mailatik. Bide batez, ziklo krosean estreinatu zen Urduñan. Eguraldi onagatik eta lehorteagatik lokatzik ez zegoen, baina ziklo kroserako teknikak lantzeko moduko ibilbidea atondu zuten antolatzaileek: bihurguneak, egurrezko eskilarak igotzeko, jaisteko arrapala, etb. Baldintza hauetara ondo egokitu zen arroarra. 58 txirrindulari abiatu ziren eta 32. postuan helmugaratu zen. Nabarmentzekoa 25. postuaren inguruan zenean erorikoa izan eta postuak galdu zituela. Estreinaldi honen ondoren, asteburu honetan, Burgosen parte hartuko dute Viveros San Antongo bi ziklistek: Villarcayon eta Medina de Pomarren dira asteburu honetan lasterketak.