Taldeko hiru ziklistek hartu zuten parte pasa den igandean Beasainen jokatu zen Euskadiko txapelketan. Kimetz Etxabe nabarmendu zen, aldiz, Ander Altunak eta Heiko Mateosek ez zuten beren egunik onena izan. Altunak oraindik ere gorputzean zuen aurreko asteko gaixoaldia, eta zirkuito hasierako % 24ko pendiza zuen maldako igoerak ito egin zuen lasartearra. Bere birikek ez ziren horri erantzuteko gauza izan. Heiko Mateos, berriz, erori egin zen, kolpea hartu eta ezin izan zuen lasterketan jarraitu. Taldeko hiru txirrindularietatik Kimetz Etxabe nabarmendu zen. Ziklo krosean parte hartzen zuen hirugarren lasterketa zen, eta debarrak lasterketa burutik gertu ibili zen. Amaieran ordaindu egin bazuen ere, bosgarrren bukatu zuen. Euskadiko txapelketa postu horretan amaitzea bada zerbait hain ziklo kros gutxi egin duen gazte batentzat.
Igandean Ormaiztegin bukatuko da ziklo kros denboraldia, baina Ander Altunak astebetez luzatuko du aurtengo ekitaldia, datorren astean Euskadi ordezkatuz Pontevedran izango baita Espainiako txapelketan. Viveros San Antongo txirrindularia Diego Ruiz de Arkaute eta Aimar Erostarberekin batera Euskal Selekziora deitu dute kadete mailako onena izan baita.
Pistako txirrindularitza
Pistako neguko torneoko 7. jardunaldia izan zen pasa zen larunbatean, eta Kimetz Etxabe izan zen emaitzarik onenak lortu zuena. Hala ere, aipatzekoa da taldea osoak lan ona egin zuela; aurpegia eman zuten, baita erasora jokatu ere nahiz eta gero ordaindu.
Kadete mailan txandarik onenean Kimetz Etxabe bigarrena izan zen eta puntuaketan bosgarren; Aitor Agirre seigarren sailkatu zen, eta 16. puntuaketan. B txandan, Aritz Eizagirrek 14. sailkatzea lortu zuen eta 21. puntuaketan. C txandan, Roman Zabaletak zortzigarren egin zuen eta puntuaketan bosgarren. Junior mailan, Antton Tolosak eta Mikel Mancisidorrek ez zituzten emaitza onak lortu, baina protagonistak izan ziren; lasterketa gogortu zuten, aurpegia eman eta aurkariei egoera zaildu.
Bi jardunaldiren faltan sailkapen nagusian, eta 91 txirrindulariren artean, Kimetz Etxabe seigarren da, baina hirugarren postua helburu izan dezake sei puntura besterik ez baitu. Aitor Agirre 13. da, Aritz Eizagirre 51. eta Roman Zabaleta 62. Junior mailan, 50 txirrindulariren artean, Antton Tolosa 11. da eta Mikel Mancisidor 17.
Bihar, 15:30etatik aurrera, azkenaurreko jardunaldia jokatuko da Donostiako belodromoan.