Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklista debarrak bere taldekide Aitor Agirreren laguntzarekin erasora jo zuen azken jardunaldiko bi lasterketetan, arriskatu egin zuen eta gero ordaindu, baina podiuma ezinezkoa zegoen eta galtzeko gutxi. Arriskatuz gero aukera zuen hirugarren postua lortzeko baina laugarrenarekin pozik, oso lan ona egin baita azaroan hasi eta orain arte luzatu den torneoan. Aitor Agirrek 14. postuan bukatu du torneoa, baina azken jardunalditan Kimetz Etxaberi laguntzeko egon da bere lasterketetan baino; aurrerago bukatu zezakeen; baina taldekidearen alde sakrifikatu du bere emaitza pertsonala. Aritz Eizagirrek torneo guztian zehar bigarren txandan lehiatzea lortu du eta lehen urtea izateko ondo baloratu behar da maila galdu ez izana, 53. postuan bukatu du torneoa. Atzerago gelditu da Roman Zabaleta, azken jardunaldian osasun arazoen ondorioz ez baitu parte hartzerik izan.
Junior mailan Antton Tolosak berriz ere 23 urtez azpikoekin parte hartu zuen azken jardunaldian, gogotik sufrituz eta ordainduz atseden unerik gabeko lasterketa erritmo bortitza. Torneoa 10. tokian bukatu du. Mikel Mancisidorrek jubenil mailako lehen urtean, goruntza urratsa eman duela erakutsi du, eta kadete mailan probak bukatzeko lanak izatetik, jubenilen lasterketetan aurpegia ematera igaro da. Azkenean, 17. postu on batean bukatu du torneoa.
Pistako txirrindulariek hilaren 27an izango dute hurrengo hitzordua: Gipuzkoako tituluak jokoan izango dira, eta otsailaren 3an Gipuzkoako Kopako azken ekitaldia jokatuko da. Viveros San Antonek podiumeko postua defendatuko duen lehen jardunaldiko emaitzak kontutan hartuta.
Ziklo krosean Espainiako txapelketan parte hartuz bukatu du denboraldia Ander Altuna kadeteak. Pontevedran 15. postuaren ingurumarian zebilenean, tubularrak irten, ibilbideko zati handi bat oinez egin eta azkenean 20. postuan amaitu zuen Viveros San Antongo ziklistak, baina berak amaieran esandakoaren arabera, sentsazio onak izan zituen. Orain atseden hartu eta errepideko denboraldia prestatuko du lokatzetan hain maila ona eman duen Altunak.