Aitor Agirre ere podiumera igo da

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko api. 4a, 11:25

Asier Aizpurua kimuak eta Garazi Bergara infantilak euren lasterketak irabazten segitzen dute. Viveros San Antongo bi txirrindulariek orain arteko lasterketa guztiak irabazi dituzte; aurreko larunbatean Donostian, Loiola auzoan lortu zituzten garaipenak. Kadete mailan, berriz, Seguran lasterketa eder bati amaiera ona ematea lortu zuen Aitor Agirrek; zumaiarra bigarren sailkatu zen.

Donostian jokatu ziren kimu eta infantilen lasterketak, eta aurrekoen ezaugarri berak izan zituzten: Viveros San Antongo txirrindularien lan ona lasterketan, eta erremate bikaina Asier Aizpurua eta Garazi Bergararen aldetik. Kimuetan Manex Beristain berriz ere laugarren sailkatu zen, 16. Xabat Bergara, 18. Beñat Sainz eta, nabarmentzekoa, gaixoaldi luze baten ondoren, Danel Beristain estreinatu eta 35. izan zen. Iker Eizagirre eta Oñatz Etxabe erori egin ziren: Ikerrek lasterketa bukatzea lortu zuen, Oñatzek, aldiz, ezin izan zuen.

Infantiletan, Garazi Bergara 10. sailkatu zen lasterketan, nesken artean lehenengoa bera izan zelarik helmugako marra zeharkartzen; Anuk Gogenola 14.a izan zen, Yuri Urbieta 23.a, Zuhaitz Valero 18.a eta Lizar Tolosa 33.a

Asteburu honetan ez dute kimuek eta infantilek lasterketarik.

Kadeteek Seguran izan zuten karrera. Ibilbide gogorra izan zuten, 42 kilometrokoa. Lierniko mendatea bitan gainditu behar zuten, eta erabakigarria gertatuko zela garbi baldin bazegoen ere, lasterketa aurretik erabaki zen; bosteko ihesaldi bat gorpuztu zen lehen kilometroetan, eta balekoa izan zen. Ihesaldian sartu zen Aitor Agirre eta lan asko egin zuen gainera; Liernin ondo defendatu zen eta azkenean bigarren sailkatu zen, bere lehen podiuma lortuaz.

Denboraldi honetan Viveros San Anton taldearentzat hirugarren podiuma da, hiru Txirrindulari ezberdinekin gainera: Roman Zabaleta bigarren Beasainen, Kimetz Etxabe hirugarren Deban, eta Aitor Agirre bigarren Seguran. Taldeka Viveros San Anton bigarren Izan zen. Taldeko txirrindulari guztiek egin zuten lan ona: 9. Ander Altuna, 15. Enaitz Garai, 26. Roman Zabaleta, 85. Aritz Eizagirre. Heiko Mateosek Lierniko lehen igoera ondoren ezin izan zuen jarraitu.

Asteburu honetan bi lasterketa dituzte kadeteek: larunbat arratsaldean Ataunen –karrerak amaiera Aian izango du, bukaera oso gogorra kadeteentzat–, eta igande arratsaldean Zestoan –hiru zakila bira, azkenengoan Arroa Errekako presaldetik; Arroa Gora doan malda pikoa gainditu beharko dute helmugara ailegatu aurretik–. Viveros San Antonen bi arroar dabiltza eta beraientzat egun berezia izango da; Aritz Eizagirrek eta Heiko Mateosek lasterketa on bat egin nahi dute etxean.

Jubenilek, Antzulon, Uzarragako igoera jokatu zuten larunbat arratsaldean. Karrerak guztira 81 km zituen eta amaiera Uzarragako gainean, 4 kmko igoera exijentean.  Ziztu bizian ibili ziren jubenilak (aurtengo ezaugarria abiadura da), bataz besteko abiadura 43,9 kilometro ordukoa izan zen. Horrek gogotik zaildu zuen lasterketa eta Antton Tolosak ihesaldia harrapatu arren, tripetako arazoekin amore eman behar izan zuen eta pelotoiaren babesera itzulita, lasterketa 59. postuan amaitu zuen. Mikel Mancisidorrek ezin izan zion erritmo bortitzari eutsi; oraindik ere gaixoaldiaren arrastoak ditu gorputzaldian.

Larunbat goiz honetan Deban dute lasterketa jubenilek: lasterketa luzea, 92 kmkoa, eta ibilbideari dagokionez nabarmentzekoa Itziarko jaitsiera, izan ere Itziar jaitsi eta zuzenean helmuga aurkituko baitute ziklistek. Jaitsierak erabakiko du lasterketa. Ikusteke esperimentu honen emaitza.

Kimetz Etxabe Viveros San Antongo kadete debarra, berriz, Valentzian izan zen Euskadiko selekzioarekin Espainiako Kopan parte hartzen. Euskadik aurten ere irabazi egin du Espainiako Kopa; Kimetz Etxaberen abiadurako probetako emaitzek ere ekarpen handia egin dute Euskadiren azken lorpenerako. Kimetz Etxabe Aste Santuan Euskadiko selekzioarekin Tafallan jokatuko diren Espainiako txapelketetan lehiatuko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide