Alebinak, Gipuzkoako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko mai. 9a, 14:18

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gazteenek taldekako erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute.

Txapelketa Irunen jokatu zen eta 26 talde parte hartzaileetatik zumaiarrak nagusitu ziren, bigarrenari 22 segundo atereaz. Ibilbidea kontutan hartuta, eta besteen artean izan ziren aldeak konparatuz, tarte izugarria da. Oso oso pozik jaso zituzten sariak gazte zumaiarrek, eta indarberritu ere bai larunbat honetan jokatuko den iraupeneko Gipuzkoako txapelketarako. Ezkion izango dira alebin eta infantil mailako Gipuzkoako txapelketak.

Taldekakoan Asier Aizpurua, Dani Beristain, Xabat Bergara, Beñat Saiz, Manex Beristain, Iker Eizagirre, Oinatz Etxabe, Peru Calvo eta Hedoi Mateos nabarmendu ziren; prestatu eta entrenatu eta aurrez egindako lanak saria izan zuen. Ihintza Gartziarenak ere brontzezko domina lortu zuen, nesken mailan, Ampoko ordezkari batekin eta Irungo bi neskarekin laukotea osatuta.

Infantiletan hiruk bakarrik parte hartu ahal izan zuten, Lizar Tolosak entrenatzen izandako istripuaren ondorenak soinean baitzituen. Hala ere, lan oso duina egin zuten 21 talderen artean 8. sailkatuz.

Kadeteek Elgoibarren lasterketa izan zuten larunbatean eta karrera osoan aurpegia eman eta gero, azken unean ihesi zitzaiela lasterketa esan behar da. Igandean, berriz, Gasteizen Gaztetxoak torneoko karreran lehen urtekoek, 95 ziklistaren artean, 41. eta 61. amaitu zuten. Aritz Eizagirre izan zen 41.a eta Heiko Mateos 61.a. Bigarren urtekoen karrera bertan behera gelditu zen.

Ondorioz, igande arratsaldean Abadiñon taldekako sailkapeneko lidergoa defendatuko dute Ander Altunak, Kimetz Etxabek, Roman Zabaletak, Enaitz Garaik eta Aitor Agirrek. Kimetz Etxaberen itzulera da, aste santuan pistako Espainiako txapelketatan min hartu ostean. Lasterketa oso gogorra da, amaieran 2. mailako Goiuria igo beharko baitute, kadeteen garapenarekin gainera.

Jubenilak denboraldiko une garrantzitsu batean daude. Larunbatean Lazkaomendiko lasterketa jokatu zen. Antton Tolosak, eguneko ihesaldian sartuta, denboraldiko lehen top10a lortu zuen: 9.a izan zen Lazkaomendin. Mikel Mancisidorrek ere karrera bukatu zuen. Hurrengo egunean Gipuzkoako klasika jokatu zen; estatuko jubenilak bertan, baita Frantziatik etorritako hainbat ere. Parte hartzaile erdiek bukatu zuten karrera eta horien artean Antton Tolosa, 77.a izan zen Egiako helmugan.

Asteburu honetan Zarautzen izango dute lasterketa jubenilek.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide