Nafarroako Gama izan da garailea, puntutara berdinduta ailegatu ostean azken ekitaldira. Miota hiru aldiz, eta bigarren mailako Garai-Duña igo behar izan zuten txirrindulariek, eta ibilbide gogor horretan Ander Altuna hamargarren sailkatu zen, Kimetz Etxabe 22. (pistako istripuaren ondorengo berragerpena), Aitor Agirre 23. eta Enaitz Garai 57.
Viveros San Antongo ziklistek dena eman zuten, karrera bikaina eginez azken garaipena lortzeko ilusioak bultzatuta. 83 txirrindularik bukatu zuten lasterketa irteeran izan ziren 125en artetik. Azkenean, Gaztetxoak torneoa bigarren amaitu dute. Oso emaitza ona kontutan hartuta Euskal Herri osoko taldeek parte hartzen dutela; gipuzkoarren artetik lehen taldea, eta proba guztietan puntuak jaso dituen talde gipuzkoar bakarra izan da Viveros San Anton – Zumaiako Txirrindulari elkartea.
Lehen urtekoek denboraldiko karrerarik onenetakoa egin zuten; 85 ziklista izan ziren irteeran eta 68k bukatu zuten. Heiko Mateosek 36. bukatu zuen, eta Aritz Eizagirrek 40. Hauek ere Miota (bi aldiz) eta Garai-Duña izan zituzten zailtasun 48 kmko ibilbide gogorrean.
Datorren igandean Eibarren dute lasterketa kadeteek; jubenilek, berriz, etxean, Zumaian dute lasterketa larunbat goizean. Aurreko larunbatean Zarautzen jokatu zen jubenilen lasterketa eta Viveros San Anton taldeko bi ziklistek karrera itzela egin zuten. 29 besterik ez ziren ailegatu helmugara (irteeran 53 ziren) eta Antton Tolosa 15.a izan zen, Mikel Mancisidor 23.
Zumaiako lasterketarako biak ere sasoiko daude eta ilusioz beterik. Zumaian larunbatean eta igandean Elgoibarren izango dute karrera. Ez dago atsedenik jubenilentzat.
Infantil eta alebinak denboraldiko azken txanpan sartzera doaz. Joan den larunbatean Gipuzkoako txapelketak jokatu ziren Ezkion eta mutil alebinetan Danel Beristain bigarren sailkatu zen, eta Asier Aizpurua hirugarren. Nesketan, berriz, infantil mailan, Garazi Bergarak bigarren bukatu zuen.
Datorren igande goizean Irunen izango dute lasterketa Zumaiako Txirrindulari elkarteko gaztetxoenek.