Erlojuaren aurkakoan, Bergaran, bakarka, 15 lehenengoetan lau sailkatu ziren. 7 kilometroko ibilbidean Kimetz Etxabe hirugarren sailkatu zen, irabazlearengandik 6 segundora; Aitor Agirre 4. izan zen 9 segundora (lan erditan denborarik onena zuen), Ander Altuna 7., eta Enaitz Garai 15. Lan itzela laurena, baita lehen urteko Heiko Mateos (45.) eta Aritz Eizagirre (59.) gazteena ere. Modalitate exijentea da eta oso oso ondo erantzun zuten.
Iraupeneko lasterketan podiumetik kanpo gelditu zen Kimetz Etxabe karrera ederra eginda; berriz ere onenen taldea buruan gelditu zenean, Viveros San Antongo ziklisten presentzia handia zen. Amaieran 4. sailkatu zen Kimetz Etxabe, 9. Aitor Agirre, 11. Enaitz Garai, 14.Ander Altuna. Aritz Eizagirrek lasterketa amaitzea lortu zuen Oñatin, Heiko Mateosek ez; ordaindu egin zuen karrera hasieran lehen urtekoek egin behar izan zuten lana. Asteburu bikain horren ondoren, larunbat honetan taldekako erlojuaren aurkakoa jokatuko dute Legorretan.
Gipuzkoako itzulia aurretik, jubeniletan, Antton Tolosak Anoetan karrera bikaina egin zuen; onenetatik gertu ibili zen. Igandean, berriz, Eibarren, bukaeran, txakalaldia izan zuen; hala ere lortu zuen lanak amaitzea. Mikel Mancisidor kanpoan izan da eta Alpeetako maldetan prestatu da itzulirako. Viveros San Anton Gipuzkoako itzulian izan da beste bi talderekin batuta (Zarauztarra eta Buruntzazpi). Itzulia oso gogorra izan da eta Antton Tolosak azken etapa ezik beste guztiak bukatu ditu; Mikel Mancisidorrek azken etapa izan zuen onena eta matxura batek jokoz kanpo utzi zuen. Esperientzia ona izan da eta asko ikasi dute.
Viveros San Antongo gaztetxoenek amaiera borobila eman diote denboraldiari, Asier Aizpuruaren eta Garazi Bergararen garaipenekin. Alebin eta infantilek amaitu dute 2019ko denboraldia.